Gizartea -
Liburuak
'Fariña', debekatutakoaren desira
Epaile batek narkotrafikoari buruzko liburua bahitzeko agindua eman ostean, salduenen artean kokatu da Amazonen.
Agentziak | Erredakzioa
Collado Villalba Madrilgo udalerriko epaile batek Fariña liburua erretiratzeko agindua eman du, kautelazko neurri gisa. Debekuak Amazonen salduenen artean kokatzea ekarri du.
Nacho Carretero kazetariak idatzi zuen, eta Galiziako droga-trafikoaren nondik norakoak kontatzen ditu.
Alejandra Pontana epaileak hartu du erabakia, urtarrilean Jose Alfredo Bea Gondar O Groveko (Pontevedra) alkate ohiak Carretero eta Libros del KO argitaletxea salatu baitzituen lan horretan ohorerako bere eskubidea urratzen dela argudiatuta.
Alkate ohia liburuan aipatzen dute, Galiziako droga-trafikoarekin harremanak izan baititu Carreteroren arabera. Horrela, epaileak, batetik, liburu horren aleak gordailu judizialean uzteko agindu du, kautelazko neurri gisa, eta, bestetik, liburu gehiago inprimatzea eta ale berriak saltzea debekatu du.
Azkenik, epaileak 10.000 euro eskatu dizkio alkate ohiari kautelazko neurri horrek demandatuaren ondareari eragin ahal dizkion kalteengatik erantzuteko.