Gizartea -

SEXU ERASOA

Gizon bat atxilotu dute Usurbilen, bikote ohiari sexu erasoa egiteagatik

Atzo goizean izan zen erasoa, biktimaren etxean. Udalak elkarretaratzea deitu du astelehen arratsaldean, 19:30ean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

43 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Usurbilen, bikotekide ohiari sexu erasoa egitea leporatuta. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez,  banantzeko tramiteetan dago bikotea eta erasoa orain arte bizi izan diren etxean gertatu da.

Salaketaren arabera, 11:00ak aldera izan zen atzo erasoa. Antza, etxeko gela batean atzeman zuen gizonak emakumea eta sexualki eraso egiten hasi zitzaion. Hirugarren pertsona bat sartu zen orduan bertara, eta haren presentzia zela eta, ezin izan zuen erasoarekin jarraitu.

Hernaniko komisariako agenteak berehala bertaratu ziren.

Gizona atxilotu egin zuten sexu-erasoa leporatuz eta emakumea Donostiako Ospitalera eraman zuten zituen zauriak sendatzeko.

Polizia-izapideak amaituta, gaur goizean eramango dute atxilotua epailearen aurrera.

Elkarretaratzea gertatutakoa salatzeko

Prentsa ohar baten bidez, Usurbilgo Udalak elkarretaratzea deitu du ostiralean gertatutakoa salatzeko. Hala, herritarrei dei egin die datorren astelehenean, otsailaren 26an, 19:30ean Mikel Laboa plazan bil daitezen.

Udalak babes osoa azaldu dio erasotuari. Azaldutakoaren arabera, Ertzaintzak, Udaltzaingoak, eta herriko osasun eta gizarte zerbitzuak modu koordinatuan lan egin zuten biktima ahalik eta ondoen artatzeko, haren borondatea eta intimitatea errespetatzeko.

-----------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Usurbil Tratu txarren biktimentzako gida