Gizartea -

Jazoera

Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon beste bati edalontzi bat buruan apurtzeagatik

Erasoak zauri irekia eragin dio buruan biktimari. Lurrean botata zegoela ere, bi erasotzaileek ostikadak eman dizkiote.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

31 eta 34 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte Bilbon, beste gizonezko bati lesioak eragitea egotzita. Izan ere, biktimari ukabilkada eman diote, eta beirazko edalontzi bat buruan apurtu.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gertaera Urkijo Zumarkaleko taberna baten aurrealdean jazo da, goizaldeko 02:30ak aldera. Dirudienez, gizonezkoek errieta izan dute taberna barruan. Orduan kalera atera dira, eta horietako batek ukabilkada eman omen dio besteari aurpegian, eta hirugarrenak edalontzi bat apurtu dio buruan. Horrek zauri irekia eragin dio buruan biktimari. Lurrean botata zegoela ere, bi erasotzaileen ostikadak jaso ditu biktimak. Geroago, erasotzaileek ihes egin dute.

Ertzaintzako herri-baberako patruila batek zauritua artatu du, burutik odoletan zegoelako. Basurtuko Ospitalera eraman dute, eta ertzainek bi erasotzaileak identifikatzeko lekukoen testigantzak jaso dituzte. Gertuko taberna batean aurkitu dituzte ustezko bi erasotzaileak, eta lesioak eragin izanagatik, atxilotu egin dituzte. Polizia-izapideak amaituta, epailearen esku utziko dituzte bi atxilotuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Ertzaintza Delituak bideoak Gizartea albisteak Eguneko albisteak