Gizartea -
Eguraldia
Zero azpitik argitu du Euskal Herrian
Zenbait puntutan 0 gradu inguruko tenperatura neurtu bada ere, gainerako lekuetan zero azpiko baloreak jaso dituzte. Izotzagatik aktibatutako abisua 18:00etatik aurrera egongo da indarrean.
eitb.eus
Euskal Herriko termometroek zero azpiko tenperaturekin agurtu dute eguna, bai barnealdean, baita kostaldean ere.
06:00etan, - 3 graduko tenperatura neurtu dute Loiun; -6,6koa Zumarragan; -6,9koa Gasteizen; -5ekoa Iruñean eta -3koa Baionan.
Kostaldean neurtu dituzte tenperaturarik "epelenak" 06:00etan: -0,3 Punta Galean, -2 Pasaiako Portuan, -3,5 Zarautzen, -3 Matxitxakon eta 0,2 Bermeon.
Halere, barnealdean, tenperaturak 0 gradutatik urrundu dira neurketen arabera -5,8 Dulantzin (Araba), -4 Zornotzan (Bizkaia), -6,3 Arrasaten, -9,2 Trebiñun edo - 4,7 Mañarian.
Hala, Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak abisu horia aktibatu du tenperatura baxua eta izotzagatik (izotz txikia eta handia barnealdean, gogorrak Araban) 18:00etatik aurrera.
Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du elurragatik 03:00etatik aurrera eta elur kota itsas-mailan kokatuko baita eguneko lehen partean. Izan ere, alerta 12:00ak arte aktibatuko dute eta, hortik aurrera, gora egingo du nabarmen elur maila, arratsaldean 1000 metrora kokatuta, eta gauean 1500 metrora iritsita.
Asteazkenean, zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da, eta prezipitazio txiki-ertaina egingo du. Hegoekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin haizeguneetan; gauean hegoaldekoa ibiliko da, tenperatura igota.
Ipar Euskal Herriko kostaldean ere espero dute elurra botatzea asteazkenean: