Gizartea -
Osasuna
Osakidetzak antibiotikoen erabilera hobetuko du, bakteria-erresistentziak sahiesteko
Eusko Jaurlaritzkao Osasun sailak egindako segurtasun estrategia berria da, eta gaur goizean aurkeztu du Jon Darpon Osasun sailburuak.
Agentziak | Erredakzioa
Osakidetzako gaixoentzat segurtasun estrategia berria ipini du martxan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Besteak beste, antibiotikoa emateko eta erabiltzeko modua hobetzea eta bakteria-erresistentziak saihestea da xedea.
Jon Darpon Osasun sailburuak, Andoni Arcelai Osakidetzako Osasun Arretarako zuzendariak eta Enrique Peiro Osakidetzako Osasun Publikoko programa-koordinatzaileak ezagutarazi dute 2017-2020 urteetarako estrategia berria. Orain arte indarrean egon den eta oso emaitza onak eman dituen egitasmoari jarraipena emango dio proiektuak.
Osasun zerbitzuaren praktika onak indartzeko estrategia berria indartu nahi du Jaurlaritzak. Esate baterako, antibiotikoen preskripzioa hobetzeko programa (PROA) orokortuko du.
Soilik behar-beharrezkoak diren antibiotikoak agintzeko helburua dute programa horiek. Horrez gain, beharrezkoak ez diren tratamenduak ekiditeaz gain, kasu bakoitzean egokiena dena aukeratzea lortu nahi dute, "arrakasta terapeutiko hobea izan eta erresistentziak sahiestuta".
Peirok azaldutakoaren arabera, sendagileek kasu bakoitzean sendagaiaren preskripzio hobea egitea lortu nahi dute, diagnostikoa azkarrago egiteko metodoak erabiliz, gaixoek kontsumo aproposa egin dezaten.
Darponen aburuz, gai "garrantzitsua" da munduko osasun zerbitzu guztientzat. Halaber, hasieratik gai zaila dela berretsi du, askotan ez baita erraza infekzioa bakteria batek edo birus batek eragin duen jakitea.
Azkenik, sailburuaren esanetan, Osakidetzako profesionalen prestakuntza indartuko dute, proiektu bakoitzari buruzko ikastaro zehatzak antolatuta.