Gizartea -
Lapurreta saiakera
8 metroko altuera batetik erori da, Donostiako etxe batean sartzen saiatu denean
Gertakariak 08:00ak aldera jazo dira Osasun Iturri kaleko eraikin batean. Bizilagun batek gizon bat etzanda eta zauriturik ikusi du barnealdeko patioan.
Agentziak | Erredakzioa
29 urteko gizon bat 8 bat metroko altuera batetik erori da Donostiako etxebizitza batera sartzen saiatu denean, antza denez, lapurreta egiteko asmoarekin, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Gertakariak 08:00ak aldera jazo dira ostiral honetan, Osasun Iturri kaleko eraikin batean. Bizilagun batek gizon bat etzanda eta zauriturik ikusi du barnealdeko patioan.
Ertzaintza, suhiltzaileak eta anbulantzia bat bertaratu dira. Anbulantziak zauritua artatu eta Donostia Ospitalera eraman du. Gizona bertan ospitaleratu behar izan dute.
Zauritua eraikineko bizilaguna ez zela egiaztatu dute ertzainek. Gainera, lehen eta bigarren solairu arteko hodietan kalteak eta labainketa zantzuak ikusi dituzte, 8 bat metroko garaieran. Susmagarria ustez bertatik erori da.
Frogak ikusita, zauritua ikertzen ari dira, lapurreta delitu bat egotzita.