Gizartea -
Polizia operazioa
155 lagun atxilotu dituzte, 2 Bilbon, pertsonen trafikoaren aurkako operazio batean
Desegindako sareak Txinako herritarrak erakarri eta Erresuma Batura legez kanpo eramaten zituen 20.000 euroren truke.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Poliziak pertsonak trafikagai hartzen zituen sare bat desegin du eta 155 lagun atxilotu ditu Estatuan, horietako bi Bilbon. Sareak Txinako herritarrak erakarri eta Erresuma Batura legez kanpo eramaten zituen Kataluniatik pasatuta. 20.000 euro eskatzen zieten bidaiengatik.
Atxilotutako gehienak Txinako herritarrak dira eta Katalunian atzeman dituzte (atxiloketak Estatuko bederatzi probintziatan egin dituzte). Bilbon atxilotutakoei agiriak faltsutzea leporatu diete.
Espainiako Poliziak ohar batean azaldu duenez, duela hiru urte abiatutako ikerketa bati esker desegin dute sarea. Agenteak jabetu zirenez, Erresuma Batua jomuga zuten Asiako herritar askori agiri faltsuak atzeman zieten.
Egindako atxiloketek elkarren arteko harremana izan dezaketela eta atzean delituzko ekintza egiten zituen sare bat egon zitekeela ondorioztatu zuen Espainiako Poliziak.
Gerora egiaztatu ahal izan zutenez, sareko arduradunek Txinako herritarrak erakarri eta Erresuma Batura edo Irlandara legez kanpo eramaten zituzten, Kataluniatik igarota. 20.000 euro eskatzen zizkioten migratzaile bakoitzari.
Bartzelonako egonaldia, 'pisu pateretan'
Txinatik ateratzeko agiri faltsuak ematen zizkieten eta behin Schengen eremura sartuta, Bartzelona eskualdeko herri ezberdinetan zituzten etxebizitzetan eramaten zituzten migratzaileok. 'Pisu patera' horietan edukitzen zituzten beste agiri faltsu batzuk lortu arte.
"Dokumentazioa Txinan egin eta Espainiara mezularitza enpresen bitartez bidaltzen zuten. Astean behin egiten zituzten bidalketak. Agiriak eskuan, konpainia merkeetan hegaldiak erosten zituzten", adierazi du Espainiako Poliziak.
Ikerketak iraun duen hiru urteotan, bost migratzailek lekuko babestu moduan deklaratzea lortu dute.
Operazioan egindako miaketetan honakoak atzeman ditu Espainiako Poliziak: agiri faltsuak, dokumentazioa faltsutzeko gailuak, sakelakoak eta 11.250 euro eta 16.000 yuan esku dirutan.