Gizartea -
Irun
AP-8 autobidetik Irunen sartzeko errepide berria egingo dute
Sarrera berria Lapize auzoan egongo da, Behobia eta Irun-Barrera ordainlekuaren artean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
AP-8 autobidetik Irunera sartzeko errepidea berria eraikiko dute 2020rako, Donostiako joan-etorrian sortzen diren auto-pilaketei aurre egiteko asmoz.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Aintzane Oiarbide Bideko Azpiegitura diputatuak azaldu dituzte egitasmoaren xehetasunak. Sarrera berritik egunero 2.500 ibilgailu igaroko direla aurreikusi dute.
Bidegik maiatzerako amaituko du proiektua eta lanak urtea amaitu aurretik hasiko dira. Obra 15 hilabetetan gauzatuko dutela esan dute. Aurrekontua 6,5 milioi eurokoa da.
Sarbidea Lapize auzoan eraikiko dute, Behobia eta Irun-Barrera ordainlekuaren artean. Errepidea hiru irteera izango dituen biribilgune batean amaituko da: lehenengotik, autobidean sartzeko (Donostiarako noranzkoan); bigarrenetik, Oinaurre biribilgunera joateko; eta hirugarrenetik hegoaldeko biribilgune berrira heltzeko.
Errepide berriak ordainlekua izango du eta Irungo eta Hondarribiako ibilgailuak batzen dituen GI-636 errepideko zirkulazioa arintzea du helburu.