Gizartea -

Euskalmeten iragarpena

Eguzkia lagun izango dugu ia Aste Santu guztian

Larunbata izango da salbuespen bakarra, zaparradak espero baitira. Gainerakoan, giro politaz gozatu ahalko dugu.

Turista batzuk, ostegunean, Iruñean. EFE
Aste Santua Iruñean. EFE
Turista batzuk, ostegunean, Iruñean. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreikusitakoa baino gehiago ikusi dugu eguzkia Aste Santu honetan, eta larunbatean salbu, gainerako egunetan giro atsegina izango dugu, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera.

Ostiral Santuko ia ordu gehienetan eguraldi lasaia izango dugu, ostarte zabalekin. Alabaina, gauean hodeiak bueltatuko dira eta zaparrada batzuk botako ditu, bereziki ipar isurialdean. Ez da baztertzen trumoi-ekaitzak egotea. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango, eta maximoak 15-16 gradu artean egongo dira Donostian eta Bilbon, eta 12-13 ºC inguruan Gasteizen eta Iruñean. Mendebaldeko eta hego-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da une batzuetan, bolada oso gogorrekin.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kostaldeko kalteei dagokion abisu horia ezarri du ostiralerako; izan ere, litekeena da 3 metrotik gorako olatuak izatea. Igandera bitartean luzatuko da abisu horia.

Larunbatean erabat petralduko da aroa. Zerua, oro har, oso hodeitsu egongo da, eta zaparradak botako ditu, bereziki ipar isurialdean. Gainera, ezegonkortasunaren ondorioz, zaparradak trumoitsuak izan daitezke eta txingorra ere bota dezake. Arratsaldean egoerak pixkanaka hobera egingo du; zaparradak gero eta bakanagoak izango dira, eta gauean hodeitza ere saretu egingo da. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea oso zakar ibiliko da goizaldean eta goizean goiz, bereziki kostaldean, baina eguerdirako baretzera egingo du. Tenperatura maximoak pare bat gradu jaitsiko dira.

Igandean nabarmen egingo du hobera. Hegoaldeko haizea nagusituko da, eta tenperatura asko igoko da, bereziki kostaldean, 20 ºC-ren bueltan izango dira bertan beroenak. Zeruan hodeiak eta ostarteak izango ditugu, baina urdinguneak oso zabalak izango dira.

Joeraren arabera, Pazko Astelehenean udaberri giroa izango da nagusi. Tenperaturak atseginak izango dira, 20 ºC ingurukoak, eta zerua erabat urdin egongo ez bada ere, ostarteak gailenduko dira. Hego haize zakarra ibiliko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan EAE Aste Santua