Gizartea -
Gertaera
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, oinezko bat nahita harrapatzeagatik
Biktimak kolpea jaso du buruan eta gidariak positibo eman du atxilotu ostean egindako alkoholemia proban.
Agentziak | Erredakzioa
21 urteko gidari bat atxilotu dute gaur goizean Bilbon, oinezko bat ustez nahita harrapatzeagatik eta alkoholemia proban positibo emateagatik. Biktimak kolpea jaso du buruan eta ospitalera eraman behar izan dute berehala.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak hainbat dei jaso ditu goizeko 06:15 aldera, Zorrozaurreko Erriberan auto batek pertsona bat harrapatu duela ohartarazteko. Biktimak kolpe gogorra jaso du buruan; ibilgailuko gidariak, berriz, ihes egin du.
Lekukoen arabera, lehenik eta behin, gidaria oso azkar pasa da kale horretatik, maniobra arriskutsuak egiten eta hainbat pertsonak baztertu egin behar izan dute, kotxeak harrapa ez zitzan. Ondoren, buelta eman eta oinezkoen aurka joan da ostera ere, oharkabean zebilen oinezko bat harrapatu duen arte.
Atxiloketa
Ertzaintzak gidaria aurkitzeko operazioa ipini du abian, eta ihes egindako autoa geldiarazi dute harrapaketa gertatu den tokitik hurbil. Ustez kolpeak eragindako kalteak zituen ibilgailuak haizetakoan.
Gidariak alkoholemia proban positibo eman duenz, Ertzaintzaren egoitzara eraman dute atxilotuta. Biktima Basurtuko erietxera eraman dute, eta ospitaleratuta geratu da, zauri larriak zituelako.