Gizartea -

Iraken hil zuten

Jose Cousoren familia eta lagunak, justizia eske, haren hilketaren 15. urteurrenean

Cousoren hilketa argitzeko prozedura judiziala ez ixteko aldarrikatu dute, PPren Gobernuak sustatutako Justizia Unibertsalaren legearen ondorioz, familiaren salaketa artxibatu egin zutelako.

Duela 15 urte AEBetako Armadak Couso hil zuen Iraken. Argazkia: EFE
Duela 15 urte AEBetako Armadak Couso hil zuen Iraken. Argazkia: EFE
Duela 15 urte AEBetako Armadak Couso hil zuen Iraken. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Couso gerra-kamerariaren heriotzaren 15. urteurrenean, hura gogoratzeko elkarretaratzea egin dute igande honetan AEBetako enbaxada parean, Madrilen, urtero bezala, Jose Cousoren Anai-arrebak, Lagunak eta Lankideak Elkarteak antolatuta. Cousoren hilketa argitzeko prozedura judiziala ez ixteko aldarrikatu dute bertan bildutakoek, PPren Gobernuak sustatutako Justizia Unibertsalaren legearen ondorioz, familiaren salaketa artxibatu egin zutelako.

Komunikabideen aurrean David Couso anaiak azaldu du aldarrikapenari eutsi diotela, "etxean geratuta, ez baitugu ezer lortuko". "Apirilaren 8ko goiz hartan, AEBek Al Jazeerako egoitza eta Palestina Hotelaren 15. solairua bonbardatu zituzten, eta hemen gaude gogorarazteko familia eta herritarrak daudela, haiek emandako bertsioa sinestu ezinda", ohartarazi du.

"15 urte Cousorekin, ikerketa eta justizia" lemapean egin dute ekitaldia, eta kamerariaren ama den Maribel Permuyk, Cousoren anai-arrebek eta lankideek parte hartu dute. Samba da Rua batukadak ekitaldia girotu du.

Prozesu judizialari dagokionez, Auzitegi Konstituzionalean familiak jarritako helegitearen ebazpenaren zain daude. Cousoren amak adierazi duenez, "justizia" eskatuko die epaileei, eta "Cousoren heriotzaren erantzule diren hiru estatubatuarrak akusatuen eserlekuetan jesartzeko: tiroa botatzeko agindua eman zuena, erabaki hori babestu zuena, eta tiroa bota zuena", hain zuzen ere.

AEBetako enbaxadaren aurrealdean bildu dira, "haiek izan baitziren nire semea hil zutenak", Cousoren amaren hitzetan. "Militar espainiar batek kazetari amerikar bat hilko izan balu, hurrengo egunean izango zuketen horren burua Etxe Zurian", deitoratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak bideoak Justizia Unibertsala gaur Espainia albisteak Gaurko azken ordukoa Madril Irak Kazetaritza Krimenak azken ordukoa