Gizartea -
Elgoibar
Lagun bat zauritu da Elgoibarreko etxebizitza batean izandako gas-leherketan
Biktima Mendaroko Ospitalera eraman dute. Ezbeharra Urruzuno Bailara kaleko eraikin batean jazo da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizonezko bat zauritu da arratsalde honetan Elgoibarreko etxebizitza batean izan den gas-leherketan, Ertzaintzak eitb.eus-i jakinarazi dioenez.
Gertakaria 18:30 inguruan jazo da, Urruzuno Bailara kalean, hiru solairu dituen egurrezko eraikin batean. Antza, kontagailuen armairuan, sotoan, izan da eztanda.
Ezbeharraren ondorioz 57 urteko gizonezko bat zauritu da. Mendaroko Ospitalera eraman dute.
Eztandak zenbait etxebizitzatan kalteak utzi dituela egiaztatu dute suhiltzaileek, Naturgaseko teknikariek eta udaltzainek 20:30 aldera. Ondorioz, bizilagunek gaua etxetik kanpo pasa beharko dute.
Horrela, eztandak kaltetu dituen etxebizitzetako dozena bat bizilaguni hotel batean ostatu emango die Elgoibarko Udalak. Beste bizilagun batzuek senitartekoen etxeetan hartuko dute ostatu, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez.