Gizartea -

Amsterdam

Ronaldo Schemidt Venezuelako fotokazetariak World Press Photo irabazi du

Argazkian 28 urteko Jose Victor Salazar korrikan, sutan, ikus daiteke, gasolina txorro batek harrapatu ondoren.

Ronaldo Schemidtek World Press Photo saria jaso du irudi honengatik. Argazkia: EFE
Ronaldo Schemidtek World Press Photo saria jaso du irudi honengatik. Argazkia: EFE
Ronaldo Schemidtek World Press Photo saria jaso du irudi honengatik. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ronaldo Schemidt Venezuelako fotokazetariak World Press Photo saria jaso du gaur Amsterdamen. Oposizioko manifestari batek halabeharrez su hartu zuen Caracaseko liskarretan, 2017ko maiatzean, eta Schemidtek argazkia atera zion.

Argazkian 28 urteko Jose Victor Salazar korrikan, sutan, ikus daiteke, Venezuelako Guardia Nazionalaren moto bateko gasolina txorro batek harrapatu ondoren. Manifestariek beraiek motorrari su eman zioten molotov koktel batekin.

Gaztea, giza-zuzi bat bihurturik eta gas maskara batekin, bere gorputzeko sua itzaltzeko laguntza bila, korrikan doa irudian. Bitartean, argazkiaren atzealdean beltzez margotutako horma batean graffiti txiki bat ikus daiteke: pistola bat “bakea” hitzari apuntatzen.

France-Presse (AFP) agentziako fotokazetariak Mexikon lan egiten du normalean, bertan bizi baita, baina noizean behin jaioterrira itzultzen da, albiste esanguratsuen berri emateko. 2017ko maiatzean, Venezuelako Gobernuaren aurkako protesten jarraipena egiten ari zen, argazki saritua atera zuenean.

Schemidtek manifestaria atzean zuen, hura su bola batean bihurtu zenean, baina sugarren beroa sentitu eta buelta eman zuen. Segituan kamera hartu zuen, eta argazkiak ateratzen hasi zen, gertatzen ari zenaz oraindik jabetu barik.

Biktima fotokazetariaren albotik pasa zen korrikan, segundo batzuk geroago lurrera erori zen. Une horretan beste manifestari batzuek sua itzali zioten.

Anbulantzia batek biktima osasun zentro batera eraman eta bizitza salbatzea lortu zuen, nahiz eta erredura oso larriak izan.

SCHEMIDT PRESSPHOTO EFE

SCHEMIDT PRESSPHOTO EFE

Ronaldo Schemidt Venezuelako fotokazetaria World Press Photo sariarekin. Argazkia: EFE

Schemidten argazkiak beste bost izendatuak gainditu ditu: Wesminsterreko erasoa, Londresen; Boko Haram erakunde terroristako biktima bat, Nigerian; errefuxiatu rohinyen drama, Myanmarren; eta Mosuleko askapenaren beste bi argazki.

Era berean, 'Gaurkotasun Argazki' onenaren saria eskuratu du Ronaldo Schemidtek. Juan Barreto Venezuelako beste kazetariak hirugarren saria irabazi du 'Gaurkotasun Historiak' kategorian.

Bestalde, Juan D. Redondo Kolonbiako argazkilaria bigarren geratu da 'Kirol Historiak' kategorian, 'La Paz Futbol Club' lanagatik; eta Javier Arcenillas fotokazetari espainiarra hirugarren sailkatu da 'Epe Luzeko Proiektuak' sekzioan, 'Latidoamerica' lanagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa Venezuela argazkiak Kazetaritza Argazkigintza garaikidea