Gizartea -

Ur-goraldia

Ebro ibaiak uholdeak sortu ditu berriro Nafarroako Erriberan

Erriberabeitian “alerta mantentzeko” eskatu du Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak. Erriberako soroen egoera “tamalgarria” dela esan du Nafarroako Abeltzain eta Nekazarien Batasunak (UAGN).

Arga ibaia, atzo, Villana parean. Argazkia: EFE
Arga ibaia, atzo, Villana parean. Argazkia: EFE
Ebro ibaiari begirik kendu gabe daude Tuteran

1:34

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak larrialdi maila I fasean mantentzea erabaki du eta arreta eskatu die Erriberako herritarrei uholde arriskua dela eta.

Foru Gobernuaren azken datuen arabera, ur-emari mailarik gorena Castejonen eman da 08:00etatik eta 11:00ra bitartean, Ebro ibaia 7,77 metroraino igo baita herri horretan, 2015ean izandako uholdeetan baino zentimetro bat gutxiago, hain zuzen. Hori dela eta, orain dela hiru urteko uholdeetan izandako antzeko ur-emaria espero dute arratsaldean.

5 eta 8 orduko atzerapenarekin heldu da ur-emari handiena Castejonera, Nafarroan eta Errioxan hainbat dike apurtu egin direlako eta ura inguruetako lurraldeetatik zabaldu egin delako; horri esker, uste baino motelago aurrera egiten du ibaiak.

Ebro ibaiaren ur-goraldiagatik Erriberabeitian “alerta mantentzeko” eskatu du Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak. Bestalde, segurtasun indarrek eta eskualdeko udalek “krisi” egun hauetan izan duten lankidetza goraipatu du buruzagiak.

Arduradunek bilera egin dute ostiral honetan, Foruzaingoaren Tuterako polizia-etxean. Carmen Alba Espainiako Gobernuaren ordezkariak, Isabel Elizalde (Landa Garapen) eta Maria Jose Beaumont (Barne) kontseilariek, Foruzaingoko eta suhiltzaileen ordezkariek batzarrean parte hartu dute.

Era berean, Tutera, Castejon, Valtierra, Arguedas, Cabanillas, Cortes eta Ribaforadako alkateak bileran izan dira. Eskualdeko uholdeei aurre egiteko, larrialdi dispositiboaren egoera aztertzeko helburua zuen hitzorduak.

Bestalde, larunbat honetatik aurrera, Foru Exekutiboak “konpontze lanak aurrera eramateko eta sortu diren kalte ekonomikoak ordaintzeko beharrezkoa” egingo duela ziurtatu du presidenteak.

Erriberako hiriburuaren Foruzaingoko egoitzan bildu ondoren, arduradunak ibai-bazterrera hurbildu dira, Ebrok gainezka egin eta herrian utzi dituen kalteak bertatik bertara ikusteko.

Ur-goraldiaren puntu gorena, Tuteran, ostiral arratsaldean gertatzekoa zen, Ebroren emaria Castejonen, 11:00ak aldera, segundoko 2.800 metro kubikokoa izan ondoren.

 

Uraren indarrak dike bat hautsi du Castejonen

 

Castejonen, uraren indarrak dike bat hautsi du. Horrek emari maximoa hegoalderago dauden herrietara heltzea atzeratu du.

Castejonen eta Valtierran, N-113 errepidea eta AP-15 autobidearen errei bat, Zaragozako noranzkoan, itxi behar izan dituzte ur-goraldiagatik.

Tuteran, uholdeak arazoak sortu zituen ostegunean. Horregatik, Foruzaingoak, Udaltzaingoak eta Babes Zibilak segurtasun eta larrialdi dispositiboa martxan jarri eta zenbait kale itxi zituzten.

El Tubo zonaldean, Verjas eta San Julian kaleak itxi dituzte Tuterako udaltzainek, urak hartu dituelako. 2015eko uholdeetan gertatutakoa errepikatu da toki horretan.

Era berean, Prado pasealekua itxi behar izan dute; izan ere, Ebro ibaiaren bazter batetik du ibilbidea Tuteran. Oinezkoentzako eta txirrindularientzako itxi dute, urak ia guztiz hartu duelako.

Gainera, Ribotas Kirol Guneko instalazioak itxi dituzte eta Mejanako soroak husteko gomendioa eman du Udaltzaingoak.

Mirade de Arga, ayer, anegada. Foto: EFE

Mirade de Arga, ayer, anegada. Foto: EFE

Mirade de Arga, ostegunean, urez gainezka. Argazkia: EFE

Uholddeen ondorioz Erriberako soroen egoera “penagarria” dela esan du Felix Bariain Nafarroako Abeltzain eta Nekazarien Batasuneko (UAGN) presidenteak. “Utzikeria eta arduragabekeria berri” bat ikusten ari direla salatu du.

Bariain Erriberabeitiko zona ezberdinetan izan da ostiral honetan. Ebroren ur-goraldiaren ondorioak nabariagoak ziren, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari (CHE) zuzenean egotzi dio erantzukizuna: “Ez du behar bezala jokatu”.

 

UAGN: "CHEk ez du behar bezala jokatu"

 

“Ibaiak aurreko hamarkadetan baino emari askoz txikiagoa du, eta ibilgua garbitzen ez dutelako da. Bi uda oso bero izan ditugu eta ibaira kamioiak eramateko aukera izan dute, landare ihartuak kentzeko, ez dute egin eta horregatik erantzukizunak eskatu behar ditugu”, ziurtatu du.

Ministerioak, Landa Garapeneko Kontseilaritzak eta CHEk elkarri erantzukizuna ematea “onartuko ez” dutela azaldu du sindikatuko presidenteak.

“Ez da ezer egiten eta elkarte gisa ez gara geldi geratuko, eta erantzukizunak eskatuko ditugu”, iragarri du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Alerta meteorologikoak albisteak Denboraleak bideoak Eguraldia Bilbao Arabako Ibarrak Eskualdea Ibaiak