Gizartea -
seismoa
Hainbat lurrikara izan dira Granadako probintzian
2,7 graduko indarra hartu duen lurrikara bat erregistratu da gaur goizean Granada hiritik 20 bat kilometrora. Ondoren, 2,8ko bat sentitu dute Pinos Puenten.
eitb.eus
Hamar bat lurrikara erregistratu dira gaur, astelehena, goizean Granada probintzian, 07:30 eta 08:15 bitartean. Gogorrena (2,8 gradu) Pinos Puenten izan da, Granadako hiriburutik 22 km ingurura, Espainiako Geografia Institutuaren arabera.
Dardar horien ondorioz, Andaluziako 112 larrialdi zerbitzuak hainbat dei jaso dituela jakinarazi du Twitter bidez, baina ez dagoela zauriturik oraingoz.
Lehen hiru lurrikarak Chauchinan izan dira, 07:36 eta 07:50 artean (2,5; 2,1 eta 2,7 gradukoak). Ondoren, Pinos Puenten gertatu da, 08:04ean (2,8 gradu) eta aurretik beste txikiago bat (1,7 gradu).
Colomera, Atarfe eta Fuente Vaqueros herrietan ere izan dira astinduak (1,6 eta 2,1 gradu Richter eskalan). Orain arte erregistratu den azkena Pinos Puenten izan da 08:15ean (1,5 gradu).