Gizartea -
OSASUNA
Homeopatia produktuak farmazietan saltzea galaraztea eskatu dute medikuek
Medikuen Kolegio Ofizialak (OMC) homeopatia 'pseudoterapia' gisa izendatu du, osasun publikorako eta gaixoaren segurtasunerako arriskutsua dela iritzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
OMC Medikuen Kolegio Ofizialak homeopatia "pseudoterapia" gisa izendatu du, eta homeopatia produktuak farmazietan saltzea galaraztea eskatu dio Espainiako Osasun Ministerioari. Are gehiago, produktu horiek farmazietan saltzeak gaixoengan nahasmena eragiten duela eta osasun publikorako eta gaixoaren segurtasunerako arriskutsua dela iritzi dio.
Dolors Montserrat Espainiako Osasun ministroak eta autonomia erkidegoetako osasun kontseilariak Lurralde Arteko Osasun Kontseiluan elkartu dira gaur, eta, besteak beste, homeopatia izan dute hizpide.
Jeronimo Fernandez Torrente OMCko Pseudozientzia eta Pseudoterapien Behatokiko koordinatzaileak EFE albiste agentziari azaldu dionez, Espainiako medikuek ez dute homeopatia medikuntzako adar gisa aitortzen.
Are gehiago, Medikuen Kolegio Ofizialen Kontseilu Nagusiak (CGCOM) homeopatia pseudozientzia, pseudoterapia, intrusismo eta sekten alorrean gehitu du, eta Erdi Arokoa dirudien pseudozientzia batean oinarrituta dagoela dio.
Fernandez Torrenteren esanetan, homeopatia zehaztu gabeko linboan dago Espainian, eta ez dago inolako araudi propiorik produktu horiek zerbaiterako balio dutela esanez. Gainera, homeopatia produktuek ez dituzte botika tradizionalek gainditu behar izaten dituzten azterketak pasatzen.