Gizartea -

Matxismoa

Gasteizko Udalak festa matxista bat debekatu du diskoteka batean

Perseus diskotekak “Minigona festa” egin nahi zuen larunbatean, eta bertan gona motzena eta probokatzaileena saritu nahi zituzten.

Gasteizen elkarretaratzea eraso matxisten aurka. Argazkia: artxiboko irudia.
Gasteizen elkarretaratzea eraso matxisten aurka. Argazkia: artxiboko irudia.
Gasteizen elkarretaratzea eraso matxisten aurka. Argazkia: artxiboko irudia.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udalak larunbatean egitekoa zen “Minigona festa” debekatu du hiriko diskoteka batean. Ekitaldian gona motzena eta probokatzaileena saritzekoak ziren, eta edariak doan eman behar zizkieten minigona jantzita bertaratzen ziren emakumeei.

Udalaren arabera, “ikuskizun sexista, diskriminatzailea eta emakumearen ohorerako kaltegarria da”, eta Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legearen 6. artikuluak horrelako ekitaldiak debekatzen ditu.

Iñaki Prusilla Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak sinatu du ikuskizuna debekatzeko dekretua. Ildo beretik, Perseus diskotekari jakinarazi dio horrelako ikuskizunak egitea arau-hauste larria dela, eta zigorra 30.000 euroko isuna ezartzea eta lokala hiru urterako ixtea izan daitekeela.

Jaione Aguirre Berdintasun zinegotziaren ustez, honelako jarduerek “emakumeak erabiltzen dituzte gizonak erakartzeko”. Horren esanetan, egoera honek genero rolak eta estereotipoak sendotzen ditu eta emakumea gizonarentzako produktu bihurtzen du, eta hori onartezina da.

Perseus diskotekak 2017an ere beste jai matxista bat antolatu zuen, emakume ipurdien lehiaketa, baina bertan behera utzi zuen, jaiak izandako kritikak eta Gasteizko Udalaren eta Emakunderen kontrako jarrerak ikusita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Gizartea Gasteiz berriak Albisteak Matxismoa