Gizartea -
2016tik baimenik gabe
Jaurlaritzak Adingabeen Fiskaltzara jo du Gasteizko Montessori Schoolen egoeragatik
Zentroak ez ditu beharrezko agiriak aurkeztu, nazioarteko ikasketa zentro gisa aitortua izateko eta, hortaz, ez du baimenik sei urtetik gorako umeei klaseak emateko.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Adingabeen Fiskaltzara igorri dio Gasteizko Montessori School Vitoria eskolaren auzia, 2016etik baimen ofizialik gabe jarduten delako. Horrela, Jaurlaritzak sei urte baino gehiago dituzten umeak "babes gabe" ote dauden espero du argitzea, eta erantzukizunak zehaztu.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Blanca Guerrero Arabako Hezkuntza ordezkariak azaldu dute Legebiltzarrean zentro horren egoera, Elkarrekin Podemosek hala eskatuta.
Cristina Macazaga Elkarrekin Podemseko legebiltzarkideak kasua oso larria dela ohartarazi du, baina ez du esan "asmo txarrik" izan denik Hezkuntza Sailaren aldetik, lehenago esku hartu ez izanagatik, baina bai kritikatu du denbora gehiegi behar izan duela neurriak hartzeko.
Guerroren esanetan, Hezkuntzak hainbatetan eta zenbait bidetatik abisatu die eskolako arduradunei, Montessori School Vitoriak derrigorrezko hezkuntzan (sei urtetik gora) dauden umeei klaseak emateko baimenik ez duela ohartaraziz. Ez du baimenik ez dituelako beharrezko egiaztagiriak aurkeztu nazioarteko ikasketa zentro gisa aitortua izateko.
Gainera, eskolak "gabezia teknikoak" ere baditu, eta horiek ezinezko egiten dute Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloan (hiru urtetik sei urtera) eskatzen ohi diren "gutxieneko baldintzak" betetzea, Hezkuntzako ordezkariaren hitzetan.
Zentroko arduradunei emandako eskakizunez gain, eskolatik ez dute agiririk bidali, ikasketa zentro "arautua eta homologatua" izateko, Guerrerok esan duenez.
Era berean, ez dute "gabezi" horien konponketaren egiaztagiririk bidali; hori dela eta, Hezkuntza Sailak kontrako kalifikazioa eman dio zentroaren proiektuari.
Prozesua etenda
Horregatik guztiagatik, eskola zentro homologatua izateko baimena eta erregistroa jasotzeko prozesua "etenda" dagoela azaldu du Guerrerok, eskolako arduradunek aipatutako agiriak entregatu bitartean.
Homologazio prozesu hori hainbeste denbora etenda egon eta gero, seme-alabak Lehen Hezkuntzan izatea nahi duten familiekin harremanetan jarri da Eusko Jaurlaritza, egoeraren berri emateko, eta zentro homologatu batean plaza bat eskaintzeko.
Horietatik, hiru familiak onartu dute eskaintza, baina beste zortzik ukatu egin dute; jakinda eskola ez dagoela homologatuta, haien seme-alaben "birkokapena errefusatu" dute.
Edonola ere, epeak gehiegi luzatu eta eskolako arduradunek inolako agiririk bidali ez dutenez, Hezkuntza Sailak Adingabeen Fiskaltzari egoeraren berri ematea erabaki du, Jaurlaritzak zentroa ixteko eskumenik ez baitu.
Horrela, Fiskaltzak erabaki beharko du sei urtetik gorako umeak "babes gabe" ote dauden, eta zentro homologatu batera eramatea errefusatu duten gurasoen zuhurtziagabekeria egin ote duten, azaldu du Guerrerok.