Gizartea -

Atxiloketa

Bikote bat atxilotu dute Biriatun Belgikako emakume bat hiltzea egotzita

Biktima, espetxeetako funtzionario bat, bahitu, ito eta ostu zutela uste du Poliziak. Autobus batean atzeman dituzte, Palentziara bidean.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak emakume bat eta gizon bat atxilotu ditu Biriatun (Iparralde) Belgikako espetxeetako funtzionario bat hil dutelakoan. Bikotea lineako autobus batean atzeman dituzte, Palentziara (Espainia) bidean. Handik Lisboara joan nahi omen zuten, Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak ohar baten jakinarazi duenez.

Biktimak Ambereseko espetxe batean lan egiten zuen, erizain moduan. Atxilotuetako bat, 33 urteko emakumea, zigorra ari zen betetzen kartzela horretan. Dena den, azken baimenaren ondotik ihesean zegoen emakumea.

Poliziaren arabera, biktima bere etxean bahitu zuten emakumeak eta horren bikotekideak, 44 urteko gizonak. Gorpua egun batzuetara topatu zuten Amberesetik 35 kilometrora zegoen bide batean, itota hil izanaren zantzuekin.

Ikerlariek egiaztatu dutenez, bikoteak dirua atera zuen biktimaren txartelarekin, eta hainbat transferentzia eta erosketa ere egin zituen, besteak beste, autobus txartela.

Hori horrela, autobusean atzeman dituzte biak. Identifikatu eta Belgikako agintariek euren kontrako bilatze eta atxilotze agindua emana zutela egiaztatu ahal izan dute. Epaileak kartzelara bidali du bikotea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Belgika Gizartea Albisteak