Gizartea -

Borroka

Bederatzi guardia zibili eraso egin diete Algecirasen, jatetxe batetik irtetean

Polizia Nazioanala ari da gertatutakoa ikertzen, erasotzaileek drogarekin trafikatzen duten talderen batekin zerikusia duten jakiteko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaunartze bat ospatzen ari zen talde batek une horretan lanean ari ez ziren bederatzi guardia zibili eraso egin zien atzo Algecirasen (Cadiz). Agenteak jatetxe batean bazkaltzen ari ziren, eta handik irten zirenean, zain zituzten erasotzaileak.

Polizia Nazionalak esku hartu zuen. Orain, gertatutakoa ikertzen ari da, erasotzaileek drogarekin trafikatzen duten jakiteko.

Guardia Zibilak jakinarazitakoaren arabera, borroka arratsaldeko 18:00ak aldera gertatu zen, bi sarjentu eta bost agente Algeciraseko El Rinconcillo auzoko jatetxe batetik atera zirenean.

Haien zain zeuden

Agenteak aparkalekura zihoazela, jaunartze bat ospatzen ari ziren berrogei bat pertsona zeuden haien zain. Puskatutako botilak, harriak, loreontziak eta beisboleko bateak erabili zituzten agenteei eraso egiteko. Horrez gain, ostikadak eta kolpeak eman zizkieten.

Egoera ikusita, guardia zibiletako batek arauzko armarekin tiro egin zuen airera, erasotzaileak sakabanatzeko eta agenteak askatzeko.

Bederatzi guardia zibiletatik zortzi hiriko ospitale batera eraman zituzten. Horrez gain, erasotzaileetako bat, oso mozkor, Algeciraseko Punta Europa Ospitalera eraman zuten. Agente guztiek hartu dute alta.

Guardia Zibilak hainbat denbora darama Gibraltarren, drogarekin trafikatzen duten taldeei aurre egiteko. Azken hilabeteotan hainbat tiroketa gertatu dira, eta Guardia Zibilaren zenbait elkartek erasotzaileen indarkeria salatu dute. Agente gehiago ez ezik, bitarteko materialak indartzea eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Albisteak