Gizartea -
Immigrazioa EAEn
EAEko biztanleen % 9,4 atzerritar jatorrikoak dira
Azken urtean, jarraitu egin du 2015ean hasitako joerak, gehiago baitira biztanle etorkinak. Gorakada hori batik bat latinoamerikar jatorria duten biztanleetan oinarritzen da.
Agentziak | Erredakzioa
Azken urtean, atzerritar jatorriko 9.586 biztanle gehiago zenbatu dituzte EAEn. Guztira, 206.175 dira, EAEko biztanleriaren % 9,4, 2017an % 9 baitziren, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak astearte honetan jakitera eman duenez.
2018an sendotu egin da azken hiru urteetan hasitako joera: atzeraldi ekonomikoaren garaian migrazio fluxuak moteldu egin ziren, eta negatiboak ere izan ziren, baina badirudi 2015etik zikloa aldatzen ari dela, eta berriz ere fluxuak gorantz doazela.
Azken urtean berretsi egin da joera hori, atzerritar jatorriko biztanleek azken zortzi urteetan izandako hazkunderik handiena izan baitute.
Iaz EAEra etorritakoen profilari dagokionez, gehienak (% 70) Latinoamerikakoak dira, Nikaragua, Honduras, Kolonbia eta Venezuela aldetik etorritakoak. Horren harira, azken urteetan nabarmen egin du gora Venezuelako jatorria dutenen etorrera. Magrebetik datozenen kopuruak mantentzen ari dira.
Oraindik ere Araba da atzerritar jatorriko biztanle-portzentaje handiena duen lurraldea (% 11,3), eta haren atzetik dagoz Gipuzkoa (% 9,5) eta Bizkaia (% 8,8).
Lurralde bakoitzeko barne-osaerari erreparatuta, azken urtean Bizkaian gertatu da atzerritar jatorriko biztanleen hazkunderik handiena (% 5,3), eta batez ere Nikaraguako, Marokoko, Kolonbiako eta Venezuelako jatorria dutenak ugaritu dira, azken urtean etorritakoen erdiak herrialde horietatik etorri baitira.
Gipuzkoan, berriz, azken urtean erregistratutako hazkundearen % 43,5 bi herrialdetako biztanleek eragin dute: Hondurasko eta Nikaraguako herritarrek. Marokokoak eta Kolonbiakoak datoz ondoren.
Araban, bestalde, azken urtean gehien hazi den etorkinen kopurua Kolonbia (% 24,2), Maroko eta Venezuela aldetik etorritakoena izan da.
Sexuaren araberako banaketari dagokionez, atzerritar jatorriko biztanleen erdiak baino zertxobait gehiago emakumezkoak dira (% 52,6), eta Bizkaian dago alde handiena (etorkinen % 53,3 dira emakumezkoak). Ondoren, Gipuzkoa (% 52,6) eta Araba (% 50,8) daude.
Atzerritar jatorriko biztanleek dinamika demografikoan izandako eragina positiboa izan dela dio Ikuspegiren txostenak. Alde horretatik, azken urteetan etengabe galtzen joan da bertako biztanleria, eta, ondorioz, 79.812 pertsonako saldo negatiboa izan da 1998-2018 aldian.
Alabaina, bertako biztanleriaren galera hori orekatu egin dute aldi horretan bertan etorritako atzerritar jatorriko biztanleek (179.841 izan dira). Hori dela eta, guztira 100.029 biztanle gehiago bizi dira EAEn.
Atzerritar jatorriko biztanleek biztanleria osoan duten pisuari erreparatuz gero, 1998an % 1,3 izatetik 2018an % 9,4 izatera pasatu da.
Estatuko atzerritar jatorriko biztanleriaren batez besteko tasa baino tasa txikiagoa duen autonomia-erkidegoetako bat da Euskadi.