Gizartea -
Alertak
Abisu horia ezarri dute EAEn larunbatera arte prezipitazio handiagatik
Arratsaldean 18:00etatik 00:00etara ezarri dute abisua. Larunbatean, berriz, 00:00etatik 03:00etara.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du arratsalderako, 18:00etatik 00:00etara, eta larunbaterako, 00:00etatik 03:00etara, prezipitazio handiak izan daitezkeen arriskua dela eta.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ohar batean jakinarazi duenez, ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago pila daitezke. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu egunaren bigarren partean eta zenbait lekutan txingorra bota dezake.
Larunbatean zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak aurreikusi ditu Euskalmetek, batez ere egunsenti eta gauerako. Zenbait momentutan baliteke trumoiak jotzea eta txingorra ere botatzea.
Igandean ere zerua hodeitsu egongo da eta zaparrada txikiertainak eta trumoitsuak bota ditzake, bereziki egunaren bigarren partean eta barnealdean; baliteke txingorra egitea ere.
Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira kantauri isurialdean, eta berdin jarraituko dute edo gutxi jaitsiko dira gainerako tokietan.