Gizartea -
Errege-dekretua
Gobernu zentralak PPren erreforma indargabetuko du, osasun unibertsala berrezartzeko
Isabel Celaa Espainiako Exekutiboaren hitzetan, gizartearentzako “berebiziko garrantzia” duen gaia da, eta “lotsagatik egingo dugu”.
Agentziak | Erredakzioa
PPren osasun erreforma indargabetuko duela iragarri du gaur Espainiako Gobernuak, osasun unibertsala berrezartzeko. Azken erreformak pertsona etorkinei osasun txartela kendu zien.
Ministroen Kontseilua bildu ondoren, Isabel Celaa Exekutiboko bozeramaileak prentsaurrekoan ziurtatu duenez, gizartearentzako “berebiziko garrantzia” duen gaia da, eta “lotsagatik egingo dugu”.
Celaak gogorarazi duenez, azken osasun erreforma Errege-dekretu bidez onartu zuten 2012ko apirilean. Ondorioz, Gobernu zentralak beste Errege-dekretu bat prestatu beharko du indargabetzeko. Ministroen Kontseiluak onartu ahal izateko, testua sei aste barru prest egotea posible da.
Ondoren, Diputatuen Kongresuan berresteko beste 30 bat egun beharko dituzte, bozeramaileak erantsi duenez.
“Gaur gizartearekin eta erkidegoekin elkarrizketa prozesu bat abiatzen da, Estatuan pertsona guztiei osasun babeserako eskubidea itzultzeko”, azpimarratu du Celaak.
PPren erreforma Ana Matoren Osasun Ministerioak onartu zuen. Errentaren araberako koordainketa berriak ezarri zituen botiketan. Horrela, aurrenekoz pentsiodunei eragin zien koordainketak.
Egoerari aurre egiteko, zenbait erkidegoetako gobernuek paperik gabeko pertsonen babesa areagotzeko ekimenak onartu zituzten, baina PPren Gobernuak helegiteak aurkeztu zituen Auzitegi Konstituzionalaren aurrean, Hezkuntza ministroak gogorarazi duenez.
Arau berria behin onartuta, “urratzen duen erkidegorik ez da izango”, iragarri du bozeramaileak.