Gizartea -

Bilbao

Erakundeek zazpi milioi baino gehiago inbertituko dituzte Otxarkoaga eraberritzeko

Egitasmoaren helburua Otxarkoaga auzo jasangarria bilakatzea da. Besteak beste, bost eraikin eraberrituko dituzte eta jarduera soziokulturalak eta komertzialak egiteko gune bat sortuko dute.

Otxarkoaga. Artxiboko argazkia: EiTB
Otxarkoaga. Artxiboko argazkia: EiTB
Otxarkoaga. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENCIAS | REDACCIÓN

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak zazpi milioi euro baino gehiago inbertituko dituzte datozen lau urteotan Otxarkoaga auzoa eraberritzeko, Udalak jakitera eman duenez.

Gaur sinatutako itunaren arabera, Udalak 2.477.000 euro jarriko ditu; Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Antolakuntza eta Etxebizitza Sailak, ostera, 4.675.000 euro.

Proiektuaren helburua Otxarkoaga auzo jasangarria bilakatzea da eta horretarako bizilagunen eta elkarteen parte-hartzea bultzatuko dute.

Egitasmo honen baitan, bost eraikin (240 etxebizitza) eta hiru kale (Irumineta, Txotena eta Larrakoetxe) eraberrituko dituzte, eraginkortasun energetikoaren eta irisgarritasun unibertsalaren irizpideen arabera. Plan hau onartu aurretik, iaz, beste lau eraikin (228) eraberritu zituzten.

Horrez gain, jarduera soziokulturalak eta komertzialak bilduko dituen gune bat sortuko dute; proiektu guztiak koordinatzeko eta bizilagunen arretarako bulego tekniko bat irekiko dute; eta hiriko eraberritzeari lotutako ikerketarako espazio bat jarriko dute martxan. Azken hori aurrera eramateko eragile publiko eta pribatuen inplikazioa eskatuko dute.

Bestalde, bi ikerketa ere egingo dituzte. Alde batetik, etxebizitza txikietan (50 metro koadro ingurukoak) bizigarritasuna nola hobetu daitekeen aztertzeko; eta bestetik, auzoaren espazio fisikoa hobetzeko balizko aukerak identifikatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Eusko Jaurlaritza Gizartea Albisteak Otxarkoaga