Gizartea -
Irueñako urtegia
Agueda ibaira erori den beasaindar bat bilatzen ari dira, Salamancan
Irueñako urtegia zeharkatzen duen zubitik erori zen ibaira. Gertakaria biktimaren 10 urteko semeak mugikorrarekin grabatu zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibila eta Ciudad Rodrgiko (Salamanca) suhiltzaileak Beasaingo gizon bat bilatzen ari dira Agueda ibaian. Irueñako urtegia zeharkatzen duen zubitik erori zen ibaira ostegunean. Gertakaria biktimaren seme adingabeak mugikorrarekin grabatu zuen.
Gertakaria CL-528 errepidearen zubi batean jazo zen, El Bodon eta Robleda artean, Ciudad Rodrigotik gertu.
Ciudad Rodrigoko suhiltzaileak ostegun arratsaldeko azken ordutik iluntzera arte bilatzen aritu ziren. Bestalde, Guardia Zibileko urpekariek lehen murgilketa ostiral honetan egin dute, 13:00ak aldera, gizona erori zen zonaldean.
Guardia Zibileko iturriek jakitera eman dutenez, operazioaren garapenaren arabera, datozen egunetan murgilketa gehiago egingo dituzte beharrezkoa balitz, eta bilaketa eremua zabalduko lukete, gorpua topatu arte.
Desagertua Donostian bizi da, baina oporretan San Martin de Trevejora (Caceres) joaten da, bere gurasoak bertan bizi direlako.
Inguruabar zehatzak oraingoz ez dituzte zehaztu, baina Guardia Zibilaren hipotesi nagusia “istripu bat” izan dela da.
Urtegi gaineko zubiaren baotik erori zen 10 urteko semearen aurrean. Erori zeneko irudiak telefono mugikorrean grabatu zituela baieztatu die semeak suhiltzaileei.
30 bat metroko altuera, eta ibaiak 40 bat metroko sakonera du tarte horretan. Ondorioz, gizona bilatzeko zailtasunak dituzte, “ia ikuspenik ez dagoelako”.
Lehen unetik, Gaztela eta Leongo larrialdi zerbitzuetako psikologo bat desagertuaren senideekin dago. Senitartekoak une oro bilaketa jarraitzen ari dira, gertakarien tokian bertan.