Gizartea -
Osasuna
Elgorriaren aurkako txertoa bidaia hasi baino hiru aste lehenago jarri behar da
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzak ohartarazi duenez, elgorri kasuen kopuruak gora egin du Europako ia herrialde gehienetan.
Agentziak | Erredakzioa
Elgorriaren kontrako txertoa eraginkorra izateko, bidaia hasi baino hiru aste lehenago jarri behar dela gogorarazi du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzak.
Espainiako Pediatria Elkartearen Txertaketa Aholkularitza Batzordeak urtebetetik beherako haurtxoei elgorriaren aurkako txertoa jartzea aholkatu zuen astelehenean, EBra bidaiatzeko asmoa izatekotan. “Lasaitasun” mezu bat zabaltzeko agiria argitaratu du gaur Jaurlaritzak; “izan ere, txertoen babesa oso handia da Euskadin, eta haurrak ongi babesturik daude elgorriaren aurrean”.
Osasun Publiko Zuzendaritzak azaldu duenez, elgorri kasuen kopuruak gora egin du Europako ia herrialde gehienetan, biztanleria taldeak txertoaren babesik gabe daudelako, bereziki Frantzia, Italia, Alemania, Erresuma Batua, Grezia eta Errumanian.
Europara bidaiatzeko “neurri berezirik hartu behar ez” dela gogorarazi du Osasun Saileko erakundeak; bakarrik hilabete baino gehiagoko bidaietan eta helmugako egoeraren arabera, “elgorriaren aurkako txertoa jartzeko gomendioa eman daiteke, sei eta hamaika hilabete bitarteko umetxoek dosi gehigarri bat jaso dezaten”.
Hala ere, dosi horrek 12 hileko eta 4 urteko txerto egutegian eman beharrekoak ordezkatzen ez dituela ohartarazi du Jaurlaritzak, horiek “beti eman behar direlako”.
2018an bi elgorri kasu bakarrik izan dira Euskadin, Bizkaian eta Gipuzkoan, hain zuzen ere. Ez zuten txertoa jarri. 2012az geroztik ez da gaixotasun honen beste kasurik antzeman.
Gainera, 2012 baino lehen antzemandakoak, Euskaditik kanpo bidaian ibilitako pertsonak ziren, eta ez zuten txertoa jarrita.