Gizartea -
Baionako bestak
Leon Erregearekin eta hiru giltzak botata, hasi dira Baionako bestak
Aurten lehen aldiz Baionako bestetara doazen bisitariek sarrera ordaindu beharko dute. Sarreraren prezioa 8 eurokoa izango da, eta bildutako dirua segurtasun gastuak arintzeko erabiliko du Udalak.
eitb.eus
Baiona jai-giroan murgilduta dago jada. Bestetako protagonista nagusia, aurten 31 urte betetzen dituen Leon Erregea, 22:00etan irten da herriko etxeko balkoira. Jarraian, hiriko hiru auzoak ordezkatzen dituzten hiru giltzak bota dituzte balkoitik, bestei ofizialki hasiera emanez.
Urtero milioi bat lagun inguru bildu ohi dira Lapurdiko hiriburuan. Arrazoi horregatik, aurten lehen aldiz Baionako bestetara doazen bisitariek sarrera ordaindu beharko dute. Hala, jai-gunera sartzeko sarreraren prezioa 8 eurokoa izango da, eta bildutako dirua bestak antolatzeko eta segurtasun eta garbitasun lanek eragiten dituzten gastuak arintzeko erabiliko du Udalak.
Erabaki horren aurrean, besten hasierara beltzez jantzita joateko deia egin dute Baionako peñek. Guilles Barnemougle Haize-hegoa elkarteko kideak 'Faktoria'n adierazi duenez, protesta bakezalea baina ikusgarria egin nahi dute.
Atzo, Baionako besten atarian, lagun asko hurbildu ziren braderiara. Ohiturari jarraiki, Lapurdiko hiriburuko dendek kalera atera zituzten festarako arropak, eta eguraldia lagun ez izan arren, pertsona askoren plana braderiara joatea izan zen, ohikoa den lepoko gorria erosteko.
Bestalde, sexu-erasoen aurka denon konpromisoa lortzeko Baionako talde feministak prebentzio eta ekintza-gida bat zabaldu du hiriko tabernetan. Bertan, eraso sexisten aurkako protokoloa zehaztu dute, norbaitek erasoren bat jasatekotan zer egin behar duen jakin dezan.
Ildo horretatik, Baionako fiskalak adierazi du jai-eremuan 60 segurtasun kamera jarri dituztela, bortxaketaren bat izatekotan egileak identifikatu eta erasoa argitu ahal izateko. Izan ere, azken bost urteetan urtero hamar salaketa inguru jarri dira, eta kasu gehienak segurtasun kamerei esker argitu dituzte. Hala, aurten ere sgurtasun neurri handiak izango dira Lapurdiko hiriburuan.
ETB1ek eta eitb.eus-ek Baionako besten irekiera ekitaldia zuzenean zuzenean eskaini dute. Maitena Salinasek aurkeztu du emanaldia Baionako Herriko Etxeko balkoitik zuzenean, Pantxika Maitia eta Andde Irosbehere kazetariek lagunduta.