Gizartea -

Epaia

Bilboko kalamu-elkarte bateko zuzendariak absolbitu egin ditu Auzitegi Gorenak

Lau auzipetuen oinarrizko eskubideak urratu zirela eta, Auzitegi Konstituzionalak zigorra bertan behera utzi zuen, eta orain Gorenak laurak absolbitu egin ditu.

Martin Barriuso Pannagh elkarteko presidentea. Artxiboko argazkia: EiTB
Martin Barriuso Pannagh elkarteko presidentea. Artxiboko argazkia: EiTB
Martin Barriuso Pannagh elkarteko presidentea. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Pannagh kannabis-elkarteko lau zuzendari absolbitzea erabaki du Auzitegi Gorenak, prozesu judizialean auzipetuen oinarrizko eskubideak urratu zirela iritzita, Auzitegi Konstituzionalak zigorra bertan behera utzi eta gero.

EFE agentziaren arabera, Gorenak ebazpenean bere egiten ditu defentsaren argudioak, hau da, marihuana haztea eta Pannagh elkarteko 320 bazkideren artea banatzea legezkoa zela uste zutela, kalamu-elkarteen aldeko epaiak izan direla eta hainbat erkidegok elkarteko horiek arautu dituztela ikusita.

Auzia aztertu duen Goreneko epai-mahaia bost magistratuk osatu dute eta horietako bik boto partikularra eman dute. Kasua berriro Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren esku uztearen aldekoak ziren biak, epaitegi horrek ebazpen berri bat eman zezan.

2015ean, Bizkaiko Auzitegiak Pannagh elkarteko lau arduradunak absolbitu egin zituen, marihuanarekin trafikatzeko inolako asmorik ez zutela ebatzita. Bilboko Udaltzaingoak 80 kilo kalamu atzeman zizkien 2011n.

Fiskaltzak, baina, errekurtsoa aurkeztu zuen eta Auzitegi Gorenak sei hilabete eta urtebete eta zortzi hilabete arteko kartzela-zigorrak eta 250.000 euro arteko isunak ezarri zizkien, osasun publikoaren kontrako delitua egotzita.

Joan den apirilean, babes-helegitea baten baitan, Auzitegi Konstituzionalak kannabis-elkarteei buruz Gorenak ezarritako doktrina ontzat eman zuen.

Alabaina, Konstituzionalak Pannagh elkarteari buruzko epaia baliorik gabe utzi zuen, legez kanpo ari zirela bazekitela esan aurretik auzipetuek esan behar zutean ez entzuteagatik, eta, ondorioz, haien oinarrizko eskubideak urratzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Auzitegi Gorena Epaiketak Gizartea Albisteak