Gizartea -

Atentatuak Katalunian

Bartzelona eta Cambrilseko zelula mikrokredituekin finantzatu zen susmoa du epaileak

Kataluniako atentatuen auziaren instrukzioan, dirua lortzeko erabili ahal izan zituzten bide guztiak ikertzen ari dira, horrela beharrezko materiala lortu baitzuten.

Atentatuengatik atxilotutetako lau. Artxiboko argazkia: EFE
Atxilotuetako lau, eskuak lotuta, Poliziak lekuz aldatzen zituen bitartean, iaz
Atentatuengatik atxilotutetako lau. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Andreuk, Bartzelona eta Cambrilsen (Tarragona) 2017ko abuztuan izan ziren atentatuak ikertzen dituen Auzitegi Nazionaleko epaileak, zelula jihadistaren bi kideren eta horien hiru senideren inguruko datuak eskatu dizkie mikrokredituak ematen dituzten hiru entitateri. Horrela, terroristek izan ahal izan zituzten finantzazio bide guztiak eta haien senideen laguntza izan ote zuten aztertzen ari da.

Auziaren sumarioan, 6 zenbakiko Instrukzio Epaitegi Zentraleko titularrak bost pertsonaren gaineko informazioa eskatzeko autoa agertzen da, Europa Pressen arabera.

Horietako bat Younes Abouyaaqoub da, alegia, Bartzelonako Rambletan furgoneta batekin sartu zen eta 13 pertsona hil zituen gaztea. Horrez gain, Hichamyri (Younesen anaia) buruzko informazioa ere eskatu du.

Era berean, instrukzioan Mohamed Hichamy (Mossoek Cambrilsen hildakoa), Rachid eta Saber Oukabirrek finantzatu ahal izan zuten guztia ikertzen ari dira. Entitate horiekin lotuta ikertzen ari diren azken pertsona Mohamed Houli da. Houli Alcanarreko leherketan zauritu zen, terroristek lehergailuak eta ehun bat butano bonbona zituzten tokian.

Errefusatutako kredituen informazioa ere

Zehatz-mehatz, "entitateak eman zein errefusatu zituen mikrokredituei buruzko informazio zehatza" eskatu du epaileak, baita mota guztietako finantza-produktuei buruzko informazioa ere, eta horien guztien agirien kopiak.

Mossoen txostenean agertzen denez, aipatutako enpresek dirua kreditu bidez arin ematen dutela kontuan hartuta, badirudi Hichamyk eskudirua lortu nahi zuela, lehergailuak egiteko gaiak erosteko, ikertzaileek frogatutzat eman dutenez.

Ikerketaren arabera, Hichamy horietako enpresa batekin harremanetan jarri zen 2017ko abuztuaren 20rako gutxi falta zenean, alegia, Alcanarreko leherketan zapuztu zen atentatua egiteko.

Halaber, Alcanarreko etxearen hondakinen artean Houliren telefonoa aurkitu zuten, eta ustezko terroristak bestelako kreditu entitaterekin izandako hartu-emanak ageri ziren bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona Atentatuak Gizartea Jihadismoa Albisteak