Gizartea -
Bizkaia
Bi gizon atxilotu dituzte Abanto-Zierbenan, banku batean lapurtzen saiatzea egotzita
14:45ak aldera egin dute lapurreta saiakera. Gaizkileek burua estalita zeramatzaten, eta gezurrezko pistolekin mehatxu egin diete une horretan barruan zeuden langileei eta bezero bati.
Agentziak | Erredakzioa
52 eta 53 urteko bi gizon atxilotu dituzte ostiral arratsalde honetan Abanto-Zierbenan (Bizkaia), Gallarta auzoko Kutxabank banketxean lapurreta egiten saiatu ostean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gaizkileek itxurazko pistolak erabili dituzte sukurtsal horretako langileei mehatxu egiteko, baina lekutik ihes egitera zihoazela atxilotu dituzte biak.
14:15ak aldera izan du Ertzaintzak lapurreta saiakera horren berri. Antza denez, bankuan sartu diren gaizkileek burua estalita zeramatzaten, eta gezurrezko pistolekin mehatxu egin diete une horretan barruan zeuden langileei eta bezero bati. Dena dela, ez da inor zauritu eta denak onik atera dira.
Lapurreta saiakera horren abisua jaso bezain pronto Ertzaintza eta Abanto-Zierbenako Udaltzaingoa lekura hurbildu dira, gaizkileak ihes egin ez dezaten. Hala, sukursaletik ihesi atera direnean ertzainak eta udaltzainak zain izan dituzte.
Halaber, hirugarren pertsona batek banketxearen kanpoaldean bi lapurrei babesa ematen egon den argitzeko ikerketa abiatu du Ertzaintzak.
Izan ere, atxilotutako bi gaizkileek aurrekari polizialak dituzte beldurra erabiliz lapurreta egiteagatik eta banketxeetan lapurtzeagatik.