Gizartea -

Gertaera

Mossoek gizonezko bat hil dute Cornellan, polizia-etxe batera armatuta sartu denean

06:00ak aldera, labana eskuan zuela poliziei eraso egiteko asmoz sartu da, eta "Allah handia da" oihukatu du. Poliziek tiroz erantzun diote.

Mossoek gizonezko bat hil dute Cornellan, polizia-etxe batera armatuta sartu ostean. Argazkia: EFE
Mossoek gizonezko bat hil dute Cornellan, polizia-etxe batera armatuta sartu ostean. Argazkia: EFE
Mossoek gizonezko bat hil dute, polizia-etxe batera armatuta sartu ostean

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esquadra Mossoek gizonezko bat hil dute astelehen goizean Cornellan (Bartzelona), polizia-etxe batera armatuta sartu denean, Mossoek Twitter bidez zabaldutako mezu baten bidez jakitera eman dutenez.

Antza denez, poliziei eraso egiteko asmoz sartu da labana eskuan zuela. Poliziek tiroz erantzun diote, eta bertan hil dute. 30 urteko aljeriar bat omen da hildakoa.

"Allah handia da" oihukatuz sartu da Cornellan dagoen Mossoen polizia-etxera, 06:00ak aldera.

Cornella. Argazkia: EFE

Horrela, Esquadra Mossoen agente batek tiroz hil egin du astelehen goizean gizon bat, azken hori Bartzelonako Cornella de Llobregateko polizia-etxean indarka sartuta; gizonak aizto bat zeraman, eta Alaren aldeko oihuak ari zen ematen. Goizaldeko 6:00ak baino pixka bat lehenago gertatu da erasoa. Ustezko terrorista, Abdelouahab T., Cornellan bizi zen, eta jatorri aljeriarra eta 29 urte zituen; Mossoek herri horretan duten polizia-etxeko interfonoa jo du (bere etxetik oso gertu dago), eta atea ireki dion agenteari oldartu zaio, aiztoa eskuan zeramala.

Agenteak tiro egin dio, arauzko armarekin; gizona Alaren aldeko oihuak ari zen egiten, eta horretaz gain, agentearentzat ulertezinak izan diren beste hitz batzuk ere esan ditu.

Esquadra Mossoak "atentatu terrorista" bezala ari dira ikertzen erasoa, gertaturikoa "oso larria" dela kontuan hartuta; izan ere, hildakoen asmo argia "erasoa jotzea eta jendea hil egitea" zen, Koordinazio Zentraleko Goi Polizia-etxeko buru Rafael Comesen esanetan.

"Kasu bakana"

Miquel Buch Barne kontseilariak zehaztu duenez, lehen ikerketen arabera, erasoa "kasu bakana" da, eta horren jomuga Kataluniako Polizia zen; halaber, Esquadra Mossoak zoriondu ditu, "azkar jardun baitute, ustezko terroristaren kontra egiteko".

Miquel Esquis Esquadra Mossoen komisario-buruak nabarmendu du erasotzaileak jomuga argia zuela, alegia, agentea hil egitea; hortaz, bere iritziz, Poliziaren jarduna proportzionala izan da, arrisku-maila nolakoa zen kontuan izanik.

Buch kontseilariak gogorarazi die agenteei obligazioa dutela hartzeko euren burua babesteko neurriak; izan ere, Polizia terroristen jomugen artean dago, eta Katalunian, Estatuan bezala, alerta-egoera 4an dago (1etik 5erako eskala batean).

Mossoen hipotesia da eraso terrorista izan dela; erasotzailea Poliziako agente bat hil egiten ahalegindu da, eta Alaren aldeko oihua eman du; hala ere, ez dute baztertzen erasoaren arrazoiak ez izatea zerikusirik terrorismoarekin, Comesek zehaztu duenez. Hildako gizona dibortziatu berri da.

Audientzia Nazionaleko 2. instrukzio-epaitegiak hartu du bere gain ikerketa, terrorismoa izan delako susmoagatik; epaitegi hori da eskuduna, arlo horretan.

Dena dela, hasieran batean, Cornellako zaintzako epaileak lotu dio gorpua altxatzeari; horren ostean, agindu du balistika-txosten bat, eta agentearen arma konfiskatzea, xede izanik jakitea, zehazki zein egoeratan egin dioten tiro ustezko jihadistari. Polizia-etxean segurtasun kamerak daude, inguruan eta harrera-gunean.

Ez armarik, ez lehergailurik, erasotzailearen etxean

Audientzia Nazionalak, gainera, agindu du hildakoaren etxea miatzea; 29 urte zituen, eta emakume espainiar batekin ezkonduta zegoen, baina banandu egin ziren. Hala esan dute Cornellako Gavarra auzoko biztanleek; halaber, azaldu dute Islamera bihurtu zen, hildakoarekin zuen harremana hasi zuenean, eta buruan zapia jartzen zuen, halaber.

Miaketan, Esquadra Mossoek ez dute topatu armarik, ezta lehergailurik ere, Comesek zehaztu duenez.

Konfiskatu duten materiala oinarri hartuta, ikertzaileak saiatuko dira egiten hildakoaren profila, eta horren xedeak argitzea; halaber, ahaleginduko dira zehazten loturarik dagoen terrorismo jihadistarekin.

Oraingoz, Esquadra Mossoek ez dute harremanik aurkitu erasotzailearen eta Bartzelona eta Cambrilseko 2017ko atentatuak egin zuen taldearen artean. Nabarmendu dutenez, gertakari bakana izan da; ez da erreplikarik egon, eta gainera, hala ondorioztatu ahal izan dute, erasoa nolakoa izan den ikusita, eta orain arteko datuak aztertuta.

Barne Ministerioak erabaki du 4 mailari eutsiko diola, eta segurtasun-gorputzeko kideentzat euren burua babesteko neurri gehigarrietako protokolo bat abiatu du. Esquadra Mossoek bilera izan dute beste Poliziekin, xede izanik koordinatzea, eta, salbuespen moduan, Terrorismoaren aurkako Koordinazioaren Kabinetea deitu dute, Quim Torra Generalitateko presidentea eta Miquel Buch Barne kontseilaria buru izanik.

Astearterako, ezohiko bilera deitu dute, Terrorismoaren aurkako Inteligentzia Zentroan; Esquadra Mossoak ere izango dira bertan, eta erasoaren gainean duten informazio guztia aztertuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona Gizartea Jihadismoa Gaurko azken ordukoa