Gizartea -

Larunbata

Hondarribiko alardearen atarian, ez da jarrera aldaketarik espero

Aldundiak alarde parekidearen aurkakoei plastiko beltzik ez jartzeko eskatu arren, alarde tradizionalaren aldekoek berretsi egin dute erabili egingo dituztela, euren adierazpen askatasuna delakoan.

Alarde mistoaren aurkako protesta, iaz. Argazkia: Efe
Alarde mistoaren aurkako protesta, iaz. Argazkia: Efe
Alarde mistoaren aurkako protesta, iaz. Argazkia: Efe

M.G | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurtengo Hondarribiko alardearen atarian, ez da jarrera aldaketarik espero alarde parekide edo mistoaren aurkako protesta eta erasoei dagokienez.

Gipuzkoako Aldundiak Jaizkibel konpainiaren aurkako plastiko beltzak eta irainak baztertzeko eskatu zien atzo hondarribiarrei, desfile mistoko parte-hartzaileen aurkako erasoak baitira, Denis Itxaso diputatuaren arabera.

Hondarribiko Emakumeak taldeak, alarde parekidearen kontrako emakumeak biltzen dituenak, erantzun du plastiko beltzak adierazpen askatasunaren barruan sartzen direla, eta Mozal Legea aplikatuko ote dien galdetu dio Itxasori. Hala, plastiko beltzak jartzeko asmoa berretsi du, emakumeen indarraren eta Hondarribiko gehiengoaren iritziaren erakusle gisa.

Emakunde

Bestalde, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak esan du "udalerri asko" direla "tradizioak aberasten" ari direnak "gizonezkoei eta emakumezkoei eskubide berberak eskainita", eta bide horretatik abiatzeko deia egin dio Hondarribiko alardeari.

Landaidak babesa emango dio Jaizkibel konpainiari, eta gauza bera egiteko deia egin die Udalari eta gizarte eragile guztiei.

Emakundeko buruaren arabera, "tradizioak gizarte kohesiorako giltza dira herrietan, baina testuinguru jakin batzuetan jaio ziren, eta garai berrietara egokitu behar dira". "Hori da denbora luzez iraun dezaten jarraitu beharreko estrategia", gaineratu du.

Arartekoa

Manu Lezertua Arartekoak gaitzetsi egin du alarde tradizionalaren eta parekidearen aldekoen artean "oreka egokia" lortu ez izana.

Arartekoak prentsa-ohar baten bidez azaldu duenez, "urteotan behera egiten ari da tentsioa", baina "gehiegizkoa izaten jarraitzen du, eta ez da oreka egokirik lortu alarde mistoaren eta alarde tradizionalaren jarraitzaileen artean".

08:10ean abiatuko da Jaizkibel

Oso aspalditik polemika eta konfrontazio horren erdian dagoen Hondarribiko jai handia 08:10ean hasiko da bihar, orduan abiatuko baita alarde parekidea, Jaizkibel konpainiarena.

Hala, 600 pertsonatik gora abiatuko dira desfile horretan, Oihana Etxebarrieta kapitainaren gidaritzapean.

45 minutu geroago hasiko dira gainerako konpainiak, eta 5.000 soldadutik gora arituko dira Iñaki Sagarzazuren aginduetara desfilatzen, 20 konpainiatan banatuta.

Frantziako Armadak 1638an herriaren aurka egindako erasoa amaitu zela gogoratuko dute aurten ere alardearekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hondarribia albisteak Gizartea Albisteak Matxismoa gaur Feminismoa Hondarribiko alardea albisteak