Gizartea -

Euskara

35.000 ikasle inguru izango dira ikasturte honetan EAEko udal euskaltegietan

Matrikulazio-kanpainaren aurkezpena Barakaldon egin dute. Bizkaiko udalerri horretan euskal hiztunak 2.790 ziren duela hiru hamarkada; egun, 22.000 dira.

Barakaldoko udal euskaltegian egin dute aurkezpena. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Barakaldoko udal euskaltegian egin dute aurkezpena. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
EAEko euskaltegiek matrikulazio epea ireki dute

1:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

35.000 ikasle inguru izango dira ikasturte honetan Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegietan, eta, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak jakinarazi duenez, euskara ikasteko diru-laguntzak handitu egingo dituzte.

2018-2019ko ikasturteko matrikulazio-kanpainaren aurkezpenean egin du iragarpena Zupiriak. Ekitaldia Barakaldoko udal euskaltegia egin dute, EAEko euskaltegirik handienean. Kultura sailburuaz gain, Nerea Cantero Barakaldoko Hezkuntza, Kultura, Euskara eta Gazteria zinegotzia eta gainerako euskaltegietako ordezkariak izan dira.

Halaber, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea, Jokin Azkue HABEko zuzendaria eta UEMA, EUDEL eta foru aldundietako ordezkariak ere han egon dira.

Euskara ikasteko urratsa emateko deia luzatu diete herritarrei, "azken hamarkadetan milaka lagunek egin duten moduan".

Eusko Jaularitzak zehaztu duenez, EAEko 103 euskaltegietan 35.000 ikasle inguru hartuko dituztela aurreikusi dute; iaz 34.225 izan ziren.

Barakaldo adibidetzat

HABEk emandako datuen arabera, 1986tik hona 460.000 herritar igaro dira euskaltegietatik. "Apustu hori egin zutenak nabarmenduta, euskara ez dakitenak gure hizkuntza ikastera animatu nahi ditugu; ziur gaude ez direla damutuko, eta esfortzua egin beharko duten arren, bizi osorako saria jasoko dute", azpimarratu du Zupiriak.

Ildo horretan, Barakaldo jarri du adibidetzat; izan ere, 1986an udalerri horretan euskaldunak % 2,6a baziren, egun herritarren % 23 dira.

"Duela hiru hamarkada, 2.790 lagun ziren euskaraz hitz egiteko gai Barakaldon; egun 22.000 dira euskal hiztunak, eta beste 16.000 euskara ulertzeko gai dira. Jauzia handia izan da", nabarmendu du.

Diru-laguntza gehiago

Bestalde, euskara ikasteko laguntza gehiago emango dituzte erakundeek aurten. Eusko Jaurlaritzak % 44an areagotu du euskaltegietako ikasleei laguntzeko aurrekontua. Hala, ikasturte honetan 1.800.000 euro bideratuko dituzte diru-laguntzetara; iazko aurrekontua 1.250.000 eurokoa izan zen.

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, B2 mailara arte euskara ikastea doakoa izatea da azken helburua, eta diru-laguntzak handitu izan bide horretan doa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Albisteak