Gizartea -
Urtaro aldaketa
Agur udari: hasi da udazkena
Urtaroa 89 egunez eta 20 orduz luzatuko da, abenduaren 21ean neguan sartuko baikara.
Agentziak | Erredakzioa
Egunak laburtu eta gauak luzatu egiten dira; hostoak lehortu eta erori egiten dira... Udazkena hemen da. Igande honetan, irailak 23, gaueko 03:54an hasi da udazkena, Ipar hemisferioan, Espainiako Institutu Geografiko Nazionalak (IGN) jakitera eman duenez. Urtaroa 89 egunez eta 20 orduz luzatuko da, abenduaren 21ean neguan sartuko baikara.
IGNko Behatoki Astronomiko Nazionalak gogora ekarri duenez, eguzki orduak gutxituz joango dira aurrerantzean. Urtero gertatzen den bezala, eguzki-orduak eta gauak denbora bera irauten dutenean hasten da udazkena, baina urtearen arabera egun hori aldatu daiteke.
Ipar hemisferioari dagokionez, udazkeneko ekinozioa irailaren 21a eta 24a bitartean gertatu ohi da. Dena dela, mende honetan soilik irailaren 22an edo 23an izango da udazkeneko ekinozioa ipar hemisferioan. Lurraren hegoaldean bizi direnak udaberrian sartuko dira, han martxoan gertatzen baita udazkeneko hemisferioa.
Bestalde, urriaren 28an ordu aldaketa egingo da Ipar hemisferioan, udako ordutegia atzean utzita, egun horretan udazkenekoa sartuko baita indarrean eta 03:00etan ordu biak izango dira.
Europako Batzordeak 2019ko martxoan edo urrian azken ordu aldaketa egitea proposatu du, Estatu kideek ordu aldaketaren harira hartutako erabakiaren arabera.