Gizartea -
Sexu-abusuak
Haurren kontrako sexu-abusuen preskripzioari buruzko legedia aldatuko du Espainiak
Delitu horiek preskribatzeko epea biktimak 18 urte betetzen dituenean abiarazten da. Espainiako Gobernua epe hori 30 urterekin hastea aztertzen ari da. Eragileek 50 urterekin hastea proposatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Adingabeei egindako sexu-abusuak ez preskribatzeko Espainiako Gobernuak Zigor Kodea erreformatuko duela iragarri du gaur Carmen Calvok Vatikanoan. Espainiako Gobernuko presidenteordea Pietro Parolin Vatikanoko Estatu idazkariarekin bildu da Erroman.
Alabaina, ordu batzuk geroago Espainiako Gobernuaren Presidentzia Ministerioak Calvoren hitzak zuzendu ditu eta zehaztu du erreforma ez dagoela erabakita eta oraindik horretan ari direla lanean.
Espainiako Gobernuak berretsi egin du haurrei egindako sexu-abusu delituak preskribatzeko epea luzatu egin nahi duela eta erreforma hori Adingabeen aurkako Indarkeriaren Legearen bidez gauzatuko duela, baina ez du xehetasun gehiagorik eman.
Europa Press berri-agentziaren arabera, duela urtebete inguru hasi ziren lege horren zirriborroa lantzen, Mariano Rajoyren Gobernuarekin elkarlanean, eta delitu horiek preskribatzeko epea biktimak 50 urte betetzen dituenean kontatzen hastea aztertzen ari ziren orduan. Egun, biktimak 18 urte dituenean hasten da atzeranzko kontaketa.
Alderdi Sozialistak boterea berreskuratu zuenean, gaiari heldu zion berriro. Europa Pressek zabaldu duenez, sexu-abusu delituak preskribatzeko epea biktimak 30 urte betetzean zenbatzen hastea aztertzen ari da Espainiako Gobernua. Gobernuz kanpoko erakundeek, berriz, 50 urterekin hastea proposatzen dute.
Delitu horiek 5-15 urteko epea preskribatu ohi dira.
Espainiako Gobernuak oraingoz ez du argitu zein izango den behin betiko aukera.
Franco hobitik ateratzeaz
Bestalde, gaurko bileran, Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko erabakiaz ere aritu dira Carmen Calvo eta Pietro Parolin. Kardinalak ziurtatu du Vatikanoak ez duela inolako oztoporik jarriko.
Horrenbestez, Espainiako Gobernuak eta Vatikanoak hitz egiten jarraituko dute, gai honetan konponbide egokiena aurkitzeko.