Gizartea -

Eguraldia

Tenperatura atseginak asteburuan, baina euria egin lezake kostaldean igandean

Larunbatean, egunean zehar, giro eguzkitsua izango dugu; iganderako, aldiz, euria iragarri dute, batez ere ipar-ekialdean, baina hegoaldean ateri eutsiko dio. Maximoak 12-16 gradukoak izango dira.

Donostia. Argazkia: Pako Kastellanos
Tenperatura atseginak eta euri gutxi, datozen egunetarako
Donostia. Argazkia: Pako Kastellanos

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abenduko zubiko asteburuan (besteak beste, Durangoko Azoka dugu gozatzeko, horretan), eguraldiari dagokionez, maximoak atseginak izango dira: izan ere, 12-16 graduko tenperaturak iragarri dituzte, bi egunetan. Hala ere, igandean euria egingo du, kostaldean eta kostaldetik gertu, batez ere ipar-ekialdean; hegoaldean, berriz, ateri eutsiko dio. Larunbatean, giro eguzkitsua izango dugu Euskal Herri osoan.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, larunbat goizaldean eta goizean goiz zerua tarteka hodeitsu egongo da oraindik, eta ipar-ekialdeko zenbait lekutan euri txikia egingo du noizbehinka. Egunaren erdiko orduetan, eguzkia izango da jaun eta jabe, zeruan goi-hodeiak agertu arren. Egunaren azken orduetan, ipar-isurialdean behe-hodeiak agertuko dira berriro, ordea. Mendebaldeko haizea ibiliko da, kostaldean bizi; eta Kantauriko bailaretan, hego-mendebaldekoa nagusi. Tenperatura maximoak jaitsiko dira; hegoaldeko altuenak 10-12 ºC ingurukoak izango dira, ipar isurialdekoak bizpahiru gradu altuagoak.

Igandeko giroa goibela izango da ipar-isurialdean; noizbehinka, euri txikia egingo du, sarriago eta ugariago ipar-ekialdean. Hegoaldean, ateri eutsiko dio, eta eguzkitsu egongo da han tarteka, noizbehinka hodeiak agertu arren. Egunaren hasieran, hego-mendebaldeko haizea nagusi; arratsaldean, iparraldekoa edo ipar-mendebaldekoa. Tenperaturan, aldaketa handirik ez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguraldia Gizartea Albisteak