Gizartea -

TRAGEDIA

Sei pertsona hil dira eta dozenaka zauritu Italian, kontzertu batean

Beste zazpi gazte hilzorian daude. Norbaitek piperbeltz gasa bota du Sfera Ebbasta Italian oso ezaguna den raperoaren kontzertu atarian, jendea ihesian hasi da, eta bata bestearen gainera erori dira.

Larrialdietako langileak zauritutako gazteak sendatzeko lanetan. Argazkia: @emergenzavvf
Larrialdietako langileak zauritutako gazteak sendatzeko lanetan. Argazkia: @emergenzavvf
Sei hildako Italian, kontzertu batean izandako ihesaldi baten ondorioz

0:38

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost adin txikiko eta emakume bat hil dira, eta dozenaka pertsona zauritu dira gaur Italian, Corinaldo herrian (Ancona probintzia) dagoen "Lanterna azzurra" dantzalekuan izan den ezbeharrean. Suhiltzaileek jakitera eman dutenez, norbaitek piperbeltz gasa bota du, jendea izutu eta korrika hasi da, eta bata bestearen gainera erori dira.

Sfera Ebbasta Italian oso ezaguna den rap-kantariaren kontzertura joandako bost nerabe (14 eta 16 urte arteko hiru neska eta bi mutil) eta horietako baten ama, 40 urtekoa, dira hildakoak.

Oreste Capocasa Anconako poliziaburuak azaldu duenez, gutxienez beste 73 pertsona ere zauritu dira, horietako batzuk oso larri. Osasun zerbitzuek zehaztu dutenez, 14 eta 20 urte arteko zazpi pertsona oso larri daude, euren bizitza arriskuan dagoelarik.

Lekuko batzuk kontatu dutenaren arabera, azido usaina zabaldu da, jendea arnasa hartu ezinda eta eztulka hasi da, eta korrika ihes egiten saiatu dira. Anconako poliziaburuak ere ihesaldiaren bertsioa berretsi du. Korrika hastean, pilatuta geratu dira dozenaka gazte diskotekaren kanpoaldean, hainbat segurtasun hesik amore eman dute, eta gazteak altuera handitik erori dira. Izan ere, gain batean dago diskoteka.

ITALIA IHESALDIA ZAURITUAK KONTZERTU BATEAN ITURRIA: REUTERS

ITALIA IHESALDIA ZAURITUAK KONTZERTU BATEAN ITURRIA: REUTERS

Larrialdi zerbitzuak lanean. Reuters

Suhiltzaileek baieztatu dute diskoteka barruan ez dela biktimarik izan, guztiak kanpoan hil dira, jendea gainera erori zaienean.

Inguruko ospitaleetara eraman dituzte zaurituak. Larrien daudenak Anconara eraman dituzte.

Suhiltzaileek Twitterren zabaldu duten txio baten arabera, 01:00ak baino zerbait lehenago gertatu  da guztia:

Baimendutakoa baino jende gehiago zegoen dantzalekuan

Ancona probintziako Fiskaltzak jakitera eman duenez, baimendutakoa baino jende gehiago zegoen dantzalekuan: 1.400 sarrera saldu zituzten, lokala gehienez 870 pertsonarentzako bazen ere.

Gaur goizean Matteo Salvini Italiako Barne ministroak esana zuen "litekeena" zela "Lanterna  azzurra" diskotekan baimendutakoa baino jende gehiago egotea. Hala, gertatua argitzeko behar den guztia egingo dutela esan du.

Ezbeharra izan den lokala eta inguruak itxita eta inguratuta dituzte poliziek eta ikerketa martxan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Albisteak Italia