Gizartea -
Nafarroa
Pertsona bat hil da eta beste bi larri zauritu dira Donezteben, istripu batean
Bi autok aurrez aurre talka egin dute, eta, ondoren, beste bi ibilgailuk ere egin dute. 48 urteko Berako bizilaguna da hildakoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pertsona bat hil da eta beste bost zauritu dira, horietako bi larri, hainbat ibilgailuren arteko zirkulazio istripu baten ondorioz, Donezteben. Hildakoa gizonezkoa 48 urteko Berako bizilaguna zen.
Ezbeharra 49. kilometroan gertatu da, Doneztebe eta Sunbilla arteko gasolindegiaren parean.
Nafarroako Foru Gobernuak jakinarazi duenez, ezbeharra 19:35ean jazo da, N-121-A errepidean. Lehen unean, bi autok aurrez aurre talka egin dute, eta, ondoren, beste bi ibilgailuk ere egin dute.
Gobernuak emandako informazioaren arabera, lehen unean talka egin duten eta Behobiarako noranzkoan zihoan ibilgailuko gidaria da hildakoa. Halaber, 40 urteko emakume bat larri zauritu da eta 20 urteko gizon batek, ostera, lesio ez hain larriak ditu.
Iruñerako noranzkoan zihoan autoko gidaria larri zauritu da, hain zuzen ere, 37 urteko Berako bizilaguna. Bigarren unean talka egin duten ibilgailuen kasuan, bi pertsona arin zauritu dira: 51 urteko emakume bat, Beteluko bizilaguna, eta 48 urteko gizon bat, Sunbillako bizilaguna.
Istripuaren tokira Oronozeko suhiltzaileak, medikuak, hiru anbulantzia eta foruzainak bertaratu dira.