Gizartea -

Osasuna

Gripe epidemia, Euskal Autonomia Erkidegoan zabaltzen

66 pertsona ospitaleratu dituzte dagoeneko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, horietako 20 larri, eta epidemiaren muga hirukoiztu du gaixoen kopuruak: 150,1, ehun mila biztanleko.

Gipuzkoa jo du gripeak EAEko beste edozein lurralde baino gogorrago
Donostia Ospitalea
Gipuzkoa jo du gripeak EAEko beste edozein lurralde baino gogorrago

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gripe epidemiak okerrera egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 150,1 kasu zenbatu dituzte dagoeneko 100.000 biztanleko, epidemiaren mugaren halako hiru. 66 pertsona daude ospitaleratuta; horietako 20, larri.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gripeak joan den astean, abenduaren 17tik 23ra, izan zuen eboluzioaren berri eman du gaur, ostegunarekin.

Joan den astean, abenduaren 10etik 16ra, 122,3 kasu izan ziren 100.000 biztanleko. Orduan ere gainditu zen, beraz, epidemiaren muga (55,7 kasukoa da, 100.000 biztanleko), baina aste honetan hirukoiztu egin da.

Lurraldeei begiratuta, Gipuzkoa jo du beste edozein lurralde baino gogorrago gripeak: 1.360 kontsulta izan dira Osakidetzaren Lehen Arretako sarean.

Mediku Jagoleen Sarearen azken txostenak dioenez, 66 ospitaleratze izan dira denboraldia hasi zenetik, gripea baieztatu eta gero, kasu horietako 20 larriak izan dira, irizpide medikoen arabera.

Hogei pertsona horien % 87,5 arrisku taldeko herritarrak dira, eta ez zuten txertoa hartu.

Osasun Sailak gogora ekarri du oso garrantzitsua dela txertoa hartzea gripearen aurka egiteko eta gaixotasun horrek eragin ditzakeen konplikazioak saihesteko.

Abenduaren 31ra arte txertoak jartzen jarraituko dute osasun zentroetan, arrisku taldeetako ahalik eta jende gehienengana iristeko: 65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoren bat dutenak eta haurdun dauden emakumeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE Gaixotasunak bideoak Gizartea Osasun albisteak Txertoak egutegia