Gizartea -

2022ra arte

Geoparkeen Munduko Sarean beste lau urtez jarraitzeko babesa lortu du Geoparkeak

Geoparkeen Munduko Sarean jarraitzeko babesa beste lau urterako berritzea lortzen duen bigarren aldia da.

Geoparkeak egindako lana eta bilakaera aztertu dute adituek. Argazkia: Geoparkea
Unescoko ebaluatzaileen azterketa Geoparkean
Geoparkeak egindako lana eta bilakaera aztertu dute adituek. Argazkia: Geoparkea

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Kostaldeko Geoparkeak beste lau urtez eutsiko dio Unescoren Munduko Geoparke izendapenari, 2022. urtera arte. Kalifikaziorik altuenarekin gainditu du azterketa, 'Green Card' edo Txartel Berdea lortuta; ikerketa zientifikoaren, kontserbazioaren, hezkuntzaren eta natura-turismoaren alorrean Geoparkeak egindako lana eta bilakaera aztertu dute adituek.

Geoparkeen Munduko Sarean jarraitzeko babesa beste lau urterako berritzea lortzen duen bigarren aldia da; gainera, ez diote inolako neurri zuzentzailerik ezarri.

Gaur goizean jaso du Geoparkeak albistearen berri, Unescoren webgunean argitaratu denean. Albistea "poztasun handiz" jaso dute Debako, Mutrikuko eta Zumaiako Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako udalek, Geoparkeko arduradunek prentsa-oharrean jakinarazi dutenez.

Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzailearen hitzetan, "aitorpen honek agerian jartzen du proiektu sendoa eta garrantzitsua dugula", eta "Unescoren balioak betetzen ditugula", gaineratu du.

Halaber, "oso pozik" agertu da bigarren txartel berdea eskuratzeagatik. "Aitorpen horrek hauspoa ematen digu, eta lanean jarraituko dugu gure ondare naturala eta kulturala zaindu eta sustatzeko", adierazi du.

Lurraldearen garapen iraunkorra

Euskal Kostaldeko Geoparkeak ondare geologiko, natural eta kultural aparta du, eta horren inguruan antolatzen da ikerketa zientifikoan, kontserbazioan, hezkuntzan eta natura turismoan oinarritutako tokiko garapen jasangarrirako estrategia.

2010az geroztik Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kidea da. Halaber, 2015ean, Geoparkeak gordetzen duen ondare natural eta kultural oparoak aitortza garrantzitsua eskuratu zuen, UNESCOren Munduko Geoparke izendapena, nazioarte mailako proiekzioa areagotuz.

Sarean dauden geoparke guztiek, lau urtetik behin, errebalida prozesu zorrotza igaro behar izaten dute irizpide eta parametro egokiekin lan egiten dutela ziurtatzeko, besteak beste, garapen iraunkorrari dagokionez edota balio geologiko eta kulturalen gizarteratze eta kontserbazioari dagokienez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Zumaia Deba Hezkuntza Zientziaren hedapena Mutriku