Gizartea -
Gasteiz
Manifestazio handia martxoaren 3ko biktimen eta bestelako eredu sozialaren alde
Milaka lagun atera dira kalera "egia", "justizia" eta "konponketa" aldarrikatzeko "Estatu krimen" horren aurrean, eta eredu sozial "justuagoa" lortzeko.
agentziak | erredakzioa
Milaka pertsona atera dira gaur kalera Gasteizen 1976ko martxoaren 3an poliziak hil zituen bost langileak omentzeko, "egia", "justizia" eta "konponketa" aldarrikatzeko "Estatu krimen" horren aurrean, eta eredu sozial "justuagoa" eskatzeko.
ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek deituta, manifestazioa seiak aldera hasi da Zaramaga auzoan, hilketak izan ziren auzotik, "Etorkizuna eraikiz" lelopean. Era berean, hildako bost langileen argazkiak eta "Justizia" hizki larriz jarrita ere ikus zitekeen manifestazioaren buruan.
Gaur duela 43 urte, hainbat enpresatako milaka langilek asanblada egin zuten San Frantzisko elizan, eta Poliziak tiroka desegin zuen ekitaldia. Ondorioz, Pedro Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda hil egin zituzten, eta ehunka lagun zauritu.
Manifestazioak hiriburuko kaleak zeharkatu ditu "herriak ez du barkatuko", "herri epaiketa hiltzaileentzat" eta "langile borroka" oihu artean.
Manifestazioa baino lehenago omenaldia egin dute San Frantzisko elizaren ondoan langileen omenez jarritako monolitoan. Bertan, LABen ordezkari batek biktimen memoria zaintzeko, inpunitatearen aurka eta eredu sozial "justuagoa" lortzeko borrokan jarraitzeko deia egin du.
Martxoaren 3ko manifestazioa. Argazkia: EiTB
Martxoak 3 elkarteko bi bozeramailek gogorarazi dute "sarraskia" igaro eta 43 urtera "inpunitateak" bere horretan jarraitzen duela, eta "Estatu krimen" horren memoria bizirik mantentzeko deia egin dute.
Gasteizko Udalak Rodolfo Martin Villa ministro ohia 'persona non grata' izendatu izana "garaipen sinbolikoa" izan zela adierazi dute.
Egun osoan politikari, sindikalista eta agintari ugari bertaratu da Gasteizen.