Gizartea -

Espainiako Gobernua

Espainiak ordu-eremuari eta urtaroetako ordu-aldaketei eutsiko die

Celaak esan du adituak ez direla "ondorio erabakigarrira" iritsi, eta 2021 arte aztertzen jarraituko omen dute, orduan amaituko baita ordu aldaketak kentzeko epea.

Erlojua. Argazkia: CCO baimena
Erlojua. Argazkia: CCO baimena
Erlojua. Argazkia: CCO baimena

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatuak gaur egungo ordu eremuari eta urtaroetako ordu-aldaketei eutsiko die, Isabel Celaa Espainiako Gobernuaren bozeramaile eta Hezkuntza ministroak jakitera eman duenez. Hala, martxoaren 31n ordularia ordubete aurreratuko da udako ordutegira egokitzeko.

Celaak azaldu duenez, ordu-eremua aztertu duen adituen txostenean ez dute "inolako aldaketarik" proposatzen. "Espainiak 30 urte baino gehiago darama ordu-eremu berean, Alemaniaren berean, Frankismotik hain zuzen", gaineratu du.

Era berean, urtaroetako ordu aldaketen kasuan (duela 45 urtetik dago indarrean) ere ez omen dute aldaketarako arrazoirik ikusi. Martxoaren "31n de facto aurreratuko dugu ordularia", adierazi du, udako ordutegira egokitzeko aldaketari erreferentzia eginez, eta urrian negukora egokitzeko ordularia atzeratu egingo dela gehitu du.

Celaak argitu du aditu batzordeak, hainbat hilabeteko azterketen ostean, ez duela inolako "ondorio erabakigarririk" lortu, neurriak egunerokoan izan litzakeen ondorioak handiak izan litezkeen arren.

Gainera, ministroak azpimarratu du CISek zein ordutegi nahiago zuten galdetu zuenean Espainiako Estatuko herritarrek udakoaren alde egin zutela, baina adituek nahiago dutela negukoa.

Celaak gogorarazi du Europa mailan ere ez dela ondorio erabakigarri eta loteslerik lortu. "2021 arte aztertzen jarraitzea erabaki dugu. Ikusiko dugu EBren Presidentzia berriak zein jarrera hartzen duen", azaldu du.

Europako Batzordeak ordu aldaketak 2019an amaitzea proposatu zuen. Hasiera batean martxoaren 31koa izan behar zen Europar Batasunean egin behar zen azken ordu aldaketa, baina Europako parlamentuak neurria 2021ra atzeratzea proposatu du.

Hala, EBko estatu kideek 2020ko apirilean jakinarazi behar dute, beranduenera, udako edo neguko ordutegia hautatzen duten. Lehenengo aukeraren alde eginez gero, azken ordu aldaketa 2021eko martxoan izango da; bestela, 2021eko urrian. Europako Parlamentuak eskaera hori egin duen arren, 28ek ekainean eztabaidatuko dute berri gai honen inguruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia argazkiak Gizartea Gaurko azken orduko albistea Noiz aldatzen da ordutegia?