Gizartea -
Iruñea
Arrazakeriaren aurka, 'eskubideak pertsona guztientzat'
Manifestazio batek Nafarroako hiriburuko kaleak zeharkatu ditu gaur, Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna ospatu den astean.
agentziak | erredakzioa
Manifestazioa egin dute gaur Iruñea erdialdean "eskubideak pertsona guztientzat" aldarrikatzeko, martxoaren 21ean izan zen Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira, eta hainbat kolektibok deituta.
Sos Arrazakeria, Paperak eta Eskubideak Denontzat, Afrikako Lorea eta Amnistia Internazionala elkarteek antolatutako ekimenak Iruñea erdigunea zeharkatu du "eskubideak pertsona guztientzat" lelopean, eta arrazakeriaren, Atzerritartasun Legearen eta murruen aurkako oihu artean.
Udaletxe plazara iritsi direnean agiri bat irakurri dute, eta gogorarazi Nazio Batuen Erakundeak martxoaren 21ean ezarri zuela Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Eguna 1966an Hegoafrikan Poliziak egin zuen sarraskiaren oroimenez. Poliziak 69 pertsona hil zituen orduan, 'apartheid'aren aurkako protesta baten aurka oldartu zenean.
"Sarraski horretatik 53 urtera, pertsonak baztertzen dituzten politikak indarrean jartzen jarraitzen dute mundu osoan", adierazi dute. Bigarren Mundu Gerraren ostean lortutako eskubideetan atzera egiten ari dela ere salatu dute, eta "lan prekarioa, etxegabetzeak, osasun publikora jotzeko ezintasuna eta murrizketak" aipatu dituzte adibide gisa.
Migrazio politikak "mugen kontrola, itxiera eta militarizazioa", zirkulazio librearen "kriminalizazioa" eta beste herrialdeekin egiten diren "akordio lotsagarriak" direla salatu dute, eta ohartarazi migrazioak ez direla amaituko "gerrak, klima aldaketak edo askatasun gabeziak" bere horretan jarraitzen duten bitartean.