Gizartea -

82. urteurrena

Durangok bonbardaketa oroitzeko beharra aldarrikatu du

Aireko eraso hark eragin zuen kaltearen "egia eta justizia" berrezartzea eskatu du alkateak, eta gogorarazi du "kolore politiko guztietako" 300 lagunetik gora hil zituztela.

Durangoko bonbardaketaren 82. urteurreneko ekitaldia. Argazkia: EITB
Durangoko bonbardaketaren 82. urteurreneko ekitaldia. Argazkia: EITB
Duela 82 urte izandako Durangoko bonbardaketaren biktimak omendu dituzte

1:13

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitziber Irigoras Durangoko alkateak duela 82 Durango bonbardatu izanak eragin zuen "infernuaren memoria defendatzeko" deia egin du, oroitzapen hori ahazteko sortzen ari omen den joerari aurre egiteko.

Bonbardaketaren 82. urteurrenaren harira Durangon egin duten ekitaldi instituzionalean hitz egin du alkate jeltzaleak, eta aireko eraso hark eragin zuen kaltearen "egia eta justizia" berrezartzea eskatu du, gooraraziz "kolore politiko guztietako" 300 lagunetik gora hil zituztela.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Itxaso Atutxa Bizkaiko jeltzaleen burua, Idoia Mendia PSE-EEren presidentea, udaletako ordezkariak eta bonbardaketaren biktimak eta senideak.

Alkateak gogor jo du 1937ko martxoaren 31n Francoren aginduz hegazkin italiarrek herria bonbardatu izanaren aurka, "herri oso baten esperantzak, ametsak, bizipenak, eskubideak, askatasuna eta etorkizuna lurperatu" nahi izan zuelako.

Irigorasek gogora ekarri duenez, bonbardaketa horrekin "diktadura urte ilunak" hasi ziren, eta erregimen frankistak ezarri zuen "Durangon gertatutakoaren ikuspegia", "gezurretan eta errepresioan" oinarritutako irakurketa.

Horregatik, alkateak berretsi du beharrezkoa dela bonbardaketan parte hartu zuten hegazkin gidarien izenak ezagutzea, erasoak utzi zituen biktima guztienarekin batera.

Azkenik, Europar Batasunari eta "mundu guztiari" elkartasuna eta gizatasuna eskatu die gerratik eta duela 82 urte Durangon izan zen antzeko egoeretatik ihesi doazen errefuxiatuak hartzeko garaian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Durango Giza eskubideen urraketak frankismoan