Gizartea -

Florida (AEB)

Ibarren defentsak beste oztopo bat aurkitu du epaiketaren azken fasean

Ibarren abokatuek heriotza-zigorra ezartzea "debekatzeko" mozioa aurkeztu zuten, "bi seme-alaba adingabeen nazioarteko giza eskubideak" oinarri hartuta, baina Dennis Bailey epaileak atzera bota du.

Pablo Ibar epaiketan ateratako argazki batean: EFE
Pablo Ibar epaiketan ateratako argazki batean.
Ibarren defentsak heriotza zigorra ez ezartzea eskatu du, bere semeen ongizateagatik

1:06

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ibarren aurkako epaiketaren sententzia fasea asteazken honetan hasi da Fort Lauderdalen (Florida). Euskal jatorriko estatubatuarraren abokatuek oztopo berri bat aurkitu dute bidean.

Ibarren abokatuek heriotza-zigorra ezartzea "debekatzeko" mozioa aurkeztu zuten, "bi seme-alaba adingabeen nazioarteko giza eskubideak" oinarri hartuta, baina Dennis Bailey epaileak atzera bota du.

Tanya Ibar Pabloren emazteak 7 eta 12 urteko bi seme-alaba ditu, eta "jaiotzetik bera aita bezala" aitortzen dutela argudiatu zuen defentsak mozioan.

Semeari heriotza-zigorra ezartzeko, "fiskalak eginahalak" egingo dituela jakin badaki Candido Ibar Pabloren aitak, baina azkenean ez duela lortuko uste du, Radio Euskadin adierazi duenez. "Heriotza-zigorra ez dela izango uste dut edo nahi dut, biziarteko kartzela-zigorra baizik. Ez da oso ona, baina, bi aukeren artean onena da", ziurtatu du.

Andres Krakenberger Pablo Ibar Heriotza Zigorraren aurkako Elkarteko bozeramailea, aldiz, ez da uste berekoa. Epaiketaren fase honetatik heriotza-zigorra atera daitekeela uste du. Hala eta guztiz ere, erabaki hori zein bestea errekurrituko dutela iragarri du.

Horren arabera, "bekatu originala" ekainaren 19ko epaia izan zen. "Harrigarria, onartezina, ulertezina da, epaiketan ikusi zena errudun jotzeko nahikoa izan ez zelako", nabarmendu du.

Semeari heriotza-zigorra ezartzeko "fiskalak eginahalak" egingo dituela uste du Candido Ibarrek

Krakenbergerren ahotan, "sintomatikoa da aurreneko lanegunean, berehala, goizeko lehen orduan, zinpeko batek deitzea eta erabakian atzera egin nahi duela esatea, botoa presiopean eman zuelako".

"Eta epaileak, epaiketa guztia baliogabe utzi beharrean, hori egin behar izan zuelako, epaimahai berri batekin berriz hasteko, sententzia babestu, aurrera egin eta fardela lehenbailehen paretik kentzea erabaki zuen", azaldu du.

Krakenbergerren ustez, epaimahaiak heriotza-zigorra ezartzeko gomendioa ematen baldin badu, ez dirudi Dennis Bailey epaileak zigorra murriztuko duenik, nahiz eta horretarako eskumena izan. "Epaimahaitik ateratzen dena, ondoren behin betiko sententzia izango da ia seguru", erantsi du.

Pablo Ibarri heriotza-zigorra ezartzen baldin badiote, helegitea jarriko dute Floridako Laugarren Barrutiko Apelazio Auzitegian.

Instantzia horretan aurrera egiten ez badu, Auzitegi Gorenera joko dute. Azken baliabide bezala Jurisdikzio Federala legoke. Hala ere, apelazioa onartzea espero du Pablo Ibarren familiako bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Pablo Ibar Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak