Gizartea -

Nafarroa

30 pertsona salatu dituzte Iruñean kale-edan antolatuetan parte hartzea egotzita

Udaltzaingoak bertan behera utzi du pelikula baten proiekzioa, bide publikoan 60 pertsona bildu ondoren segurtasun tartea gorde gabe eta maskararik gabe.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Udaltzaingoak 30 pertsona salatu ditu larunbatetik iganderako gauean hirian hainbat kale-edan antolatutan parte hartzeagatik.

Halaber, gau horretan, ostiraleko azken orduko ekaitzak eragindako arazoak direla eta, dei ugari jaso zituzten 092 zenbakian; 256 telefono-dei, guztira. Abisuetako 90 ekaitzak gogorren jo zuenean egin zituzten herritarrek, eta, horien ondorioz, 71 esku-hartze egin zituzten.

Udaltzaingoak ohar baten bidez jakitera eman duenez, asteburu honetan, guztira, 242 esku-hartze egin dira, arrazoi ezberdinek eragindakoak. Arrotxapean, esaterako, bart, 60 pertsona inguru bildu dira bide publikoan, baina osasun-arloko segurtasun-distantzia gorde gabe, eta horietako batzuk maskararik gabe.

Gainera, beste 82 pertsona salatu dituzte asteburuan maskara jantzita ez eramateagatik.

Bestalde, zortzi pertsona atxilotu dituzte hainbat delitu egotzita; horietako lau familia barruko tratu txarrengatik, bi kondena urratzeagatik, bat agenteei aurre egiteagatik eta beste bat osasun publikoaren aurkako ustezko delitu batengatik.

Gainera, asteburuan 10 zirkulazio-istripu artatu dituzte eta eginbide judizialak hasi dituzte 3 gidariren aurka edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa