Gizartea -
Bizkaia
Bost etxebizitza hustu dituzte Barakaldon, eraikin bateko fatxada erori ostean
Gertakaria Lutxana kaleko 10. zenbakian gertatu da. Eraikinaren egoera eta kalteak zehaztu ondoren, zazpi familiak etxetik kanpo igaro beharko dute gaua. Gainera, agintariek uste dute eraikinaren konponketak gutxienez ostiralera arte luzatuko direla.
EITB MEDIA
Eraikin bateko bi solairuko alboko fatxada erori da gaur, 11:00ak aldera, Barakaldon. Lutxana auzoko Lutxana Mining kaleko 10. zenbakian gertatu da, eta, badaezpada, kaltetutako fatxadara ematen duten bost etxebizitzak hustu dituzte, baita ondoko eraikin bateko beste bi beheko solairu ere, Angel Madrazo Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako zinegotziak jakinarazi duenez.
Udaltzaingoak berehala hesitu du ingurua, eta, ondoren, seinaleztatu ditu eraikinaren irteerak. Suhiltzaileak ere bertaratu dira.
Udaletik jakinarazi dutenez, Luchana Mining kaleko 10. zenbakian dagoen etxebizitzaren alboko fatxadaren zati bat erori da eta ez da inor zauritu.
Udal-arkitektoa eraikinera joan da fatxadaren egoera aztertzeko. Eraikinaren egoera eta kalteak zehaztu ondoren, zazpi familiak etxera itzuli ezin izatea erabaki dute, badaezpada, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
Horrela, etxetik kanpo igaro beharko dute gaua. Gainera, agintariek uste dute eraikinaren konponketak gutxienez ostiralera arte luzatuko direla, eta, beraz, ziurrenik bizilagunek kanpoan igaro beharko dute biharko gaua ere.