Gizartea -
Heriotza
Arata Isozaki arkitektoa hil da
2019ko Pritzker sariaren irabazlea 91 urterekin zendu da. 2009an Isozaki Atea amaitu zuen Bilbon.
EITB MEDIA
Arata Isozaki arkitekto japoniarra, 2019ko Pritzker sariaren irabazlea eta Bilboko Isozaki Atearen egilea, hil da 91 urte zituela.
Oitan jaio zen, Kyushu uhartean, eta Tokioko unibertsitatean ikasi zuen. Ikasketak amaitzean, Kenzo Tange arkitekto ezagunarekin lan egin zuen, 1963an bere bulegoa ezarri zuen arte.
Bere lanik txalotuenen artean nabarmentzekoak dira Oitako liburutegia (1966), Gunmako Arte Museoa (1974), New Yorkeko Palladium diskoteka (1985), Bartzelonako Palau Sant Jordi (1990), Ibarakiko Art Tower Mito (1990) edo Milango Allianz dorrea (2014). 2009an amaitu zuen, berriz, aipatutako Isozaki Atea.
Halaber, bereak dira Qatarko Konbentzioen Zentro Nazionala (2011), Japoniako Nara Centennial Hall (1999), A Coruñako Domus-Gizakiaren Museo Interaktiboa (1995), Txinako Himalayako Zentroa (2011), Shangaiko Areto Sinfonikoa (2014) eta Yamaguchiko Arte Zentroa (2003).
Isozaki Atea
Isozaki Atea esaten zaio Isozakik Iñaki Aurrekoetxea arkitekto bilbotarrarekin lankidetzan diseinatutako zazpi eraikinen multzoari. Bizkaiko hiriburuko Abando barrutian dago, eta 82 metro eta 23 solairuko bi dorre bikik eta 6 eta 8 solairu bitarteko bost eraikinek osatzen dute.
1999 eta 2009 artean diseinatu eta eraiki zuten, eta 80.000 m²-ko azalera du, orotara. Horietatik 8200 m² merkataritza jarduerarako dira eta gainerakoek, berriz, 317 etxebizitza hartzen dituzte.
Santiago Calatravaren Zubizuri pasabideak Bilboko Zabalgunearekin lotura zuzenik ez duenez, arkitektoak bere pasabide propioa sortzea erabaki zuen, Isozaki pasabidea hain zuzen, eta aurretik zegoen Calatravarenarekin lotzea.