Gizartea -
Gertakaria
Lau gaztek erredurak izan dituzte Iruñeko dantzaleku batean mozorroak su hartu dienean
Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte lau emakumeak, baina horietako bat Zaragozako erredura handien unitatera lekualdatu dute gero.
agentziak | eitb media
Lau pertsona Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte gaur goizean bigarren graduko erredurekin, Iruñeko Baiona Etorbideko dantzaleku batean zeudela mozorroak su hartu ostean.
Horietako bat Zaragozako Miguel Servet Ospitaleko erredura handien unitatera lekualdatu dute gero, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
Nafarroako 112 zerbitzuak 06:20ean jaso du abisua dantzalekuan zeuden pertsona batzuen mozorroek su hartu dutela eta erredurak izan dituztela ohartaraziz. Sua berehala itzali dute, eta anbulantzia medikalizatu bat eta Iruñeko udaltzainak bertaratu dira.
Dantzalekura iritsita, zauritutako pertsonak lau zirela ikusi dute, eta ondorioz, beste anbulantzia medikalizatu bat eta beste bi anbulantzia joan dira.
Anbulantzietan joan dira Nafarroako Unibertsitate Ospitalera 20 urteko hiru emakume, bigarren graduko erredurekin esku eta hanketan, eta laugarrena Udaltzaingoak eraman du.
Horietako bat, hala ere, Zaragozako Miguel Servet Ospitaleko erredura handien unitatera lekualdatu dute.
Dantzalekuan sartzeko eskaileretan izan da gertakaria, Udaltzaingoa ikertzen ari den arrazoiak medio, mozorroek su hartu dutenean.