Mundua -
Tiroketa
Gutxienez 4 hildako Kanadako ikastetxe batean izandako tiroketa batean
Hainbat lagun zauritu dira eta, gutxienez, horietako bi 'egoera kritikoan' daude. Ustezko erasotzailea atxilotu dute eta Poliziaren zaintzapean dago.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez lau pertsona hil dira ostiral honetan Kanadako Saskatchewan probintziako ikastetxe batean izandako tiroketa batean, Kanadako Poliziak baieztatu duenez. Hala, aurrez Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak emandako informazioa zuzendu du Poliziak; izan ere, bost hildako izan direla esana zuen.
Trudeauk gaineratu duenez, bi pertsona "egoera kritikoan" ospitaleratuta daude, CTV Kanadako telebista kateak zabaldutako informazioaren arabera. Hala ere, Maureen Levy Saskatchewango Poliziaren bozeramaileak azaldu du oraindik ez dutela zaurituen kopurua zehaztu.
Tiroketaren ustezko erasotzailea atxilotu dute eta Poliziaren zaintzapean dago.
Poliziak ustezko erasotzailea eta biktimak identifikatu ez baditu ere, Star Phoenix egunkariaren arabera hildako lau lagunetatik bi ustezko erasotzailearen anaiak dira eta hirugarren bat, berriz, ikastetxeko irakasle bat.
Ezbeharra Euskal Herrian arratsaldeko zortziak zirenean jazo da La Locheko ikastetxe batean, Torontotik 3.500 kilometro iparraldera dagoen 2.700 biztanle inguruko komunitate batean. Antza denez, dene etniako indigenak bizi dira nagusiki bertan.
Davoseko Munduko Ekonomia Foroan parte hartzen ari da Kanadako lehen ministroa eta Suitzatik doluminak eman dizkie hildakoen senitarteko eta lagunei. Halaber, zaurituak gogoan izan ditu eta ahalik eta azkarren eta ondoen errekuperatzeko opa die. Azkenik, eskerrak eman dizkie segurtasun indarrei eta osasun langileei beren "ausardiarengatik" eta "profesionaltasunarengatik".